GARA > Idatzia > Kultura

Iñaki Odriozolak eta Juan Aguirrek irabazi dituzte X. Café Bar Bilbao teatro laburreko sariak

Iñaki Odriozola filosofia irakasleak, euskarazko atalean «Azken ordua» antzezlanarekin, eta Juan Aguirre kazetariak, gaztelaniazkoan «Pienso, pero no existo» lanarekin, teatro laburreko sariak irabazi dituzte.

p040_f02_98x89.jpg

GARA | BILBO

Hamar urte bete berri duen Café Bar Bilbao teatro laburreko gidoien sariketan Iñaki Odriozola eta Juan Aguirre izan dira irabazleak. Batak euskarazko atalean bereganatu du saria, «Azken ordua» lanarekin; besteak, berriz, gaztelaniazkoan, «Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!)» antzezlanari esker.

Antzerki-lehiaketaren sustatzaile Mikel Martinezek banatu zituen sariak Café Bar Bilbaon bertan. 1.400 eurokoa da euskarazko irabazlearentzako saria eta 1.200 eurokoa gaztelaniazkoarentzat. Testu biak tabernaren web orrian (www.bilbaocafebar.com) jarri dituzte, antzerkizale guztien eskura.

Datorren urtarrilaren 31n, osteguna, 19.30ean, egingo dute testu bien irakurketa dramatizatua, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Horretarako, Patxo Telleria, Jokin Oregi, Ana Pikaza eta Mikel Martinez bertan izango dira, Bilboko Tartean teatroa antzerki konpainiako aktoreen presentzia ziurtatuta dago.

Odriozola eta Aguirre

Iñaki Odriozolak (Elgoibar, 1961) irakasle ikasketak egin zituen, lehenik, Donostian, eta gero Filosofia, Madrilen, Alcalako unibertsitatean. Gaur, filosofia irakasle ari da Elgoibarko institutuan.

«Azken ordua» antzezlana bakarrizketa dramatikoa da, eta idazleak berak adierazten duenaren arabera, kutsu «shakespearianoa» dauka, gaur egun egiten ari dena ikusita, modaz kanpokoa izan badaiteke ere. Bere hiltzaile izango den semearen zain dagoen errege baten hausnarketak eta oroitzapenak plazaratzen ditu antzezlan honek. Bestalde, Juan Aguirre (Donostia, 1962) euskal kulturako gaietan espezializatutako kazetaria da, hainbat komunikabidetan kolaboratzaile jarduten duelarik.

«Pienso pero no existo (¿Y qué se le va a hacer)» antzezlana komedia ilustratua da eta pertsonaia biren arteko alegiazko topaketa bat (baina ez ezinezkoa) du ardatz. Alde batetik, Joseph-Ignace Guillotin, medikua, humanista eta politikaria, gillotinari izena eman ziona, eta bestetik Charles-Henry Sanson, Iraultzan borreroa izana, hiltzera dedikatutako funtzionarioen leinukoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo