Berezkoak
Ducassou II.ak eta Intxauspek oso erraz egin dute aurrera Buruz Burukoan
J.L.
Ducassou II.ak eta Intxauspek aurreikuspen guztiak bete egin zituzten, eta Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako bigarren kanporaketan dira, atzo Donibane Garaziko Garatenean jokatutako partidak irabazi ostean.
Lehen norgehiagoka Ducassou anaien artekoa izan zen. Ikusmin handia piztu zuen kanporaketa honek, gaztearengan sekulako itxaropenak piztu baitira. Orain dela hilabete eskas Superprestigioa irabazi zuen, Waltari mendean hartuta, eta emandako itxura ere paregabea izan zen, nahiz eta 20 urte besterik ez dituen. 53 minutu nahikoak izan zituen bere anaia 40 eta 18 menderatzeko. Tanto erdiak saketik egin zituen, eta bere aurkariari ez zion inolako aukerarik eman. Pilotan oso erraz egiten du, eta inongo arazorik ez baldin badu, lehiaketa honetan oso aurrera helduko den itxaropena dago.
Bigarren partidak ez zuen izan inolako emoziorik, 40 eta 5 irabazi baitzion Alexis Intxauspek Bixente Lazkanori. Norgehiagokak 40 minutu besterik ez zuen iraun, eta Intxauspe gazteak nahi bezala eraman zuen kanporaketa. Tantoen erdiak baino gehiago saketik egin zituen, eta bien artean dagoen aldea agerian utzi zuen.
Bigarren kanporaketak etzi jokatuko dira Baionako Saint Andren. Lehen norgehiagoka 16.00etan hasiko da, eta Ducassou II.ak Jannotsen aurka jokatu beharko du. Neurketa hau amaitzen denean, Intxauspek eta Agirrek neurtu beharko dituzte indarrak, hirugarren kanporaketako txartela lortzeko helburu eta asmoarekin.