GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beste hiru euskal preso politikori zigorra luzatu diete 197/2006 doktrina ezarriz

Jesus Mari Zabarte arrasatearrari, Xabin Usandizaga ońatiarrari eta Andoni Cabello urbinarrari 197/2006 doktrinaren bitartez kartzela zigorra luzatu egin dietela jakinarazi zuen Etxeratek. Elkarteak adierazi zuenez, bizi osorako zigor hori berehala indargabetu behar da.
p015_f02.jpg

GARA |

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ilegala dela erabaki arren, Estatu espainolak jarraitzen du 197/2006 doktrina erabiltzen ahal duen kasu guztietan. Hain zuzen ere, beste hiru euskal preso politikori kondena luzatu dietela adierazi zuen atzo Etxeratek. Xabin Usandizagak, Andoni Cabellok eta Jesus Mari Zabartek urte gehiago eman beharko dituzte kartzelan, de facto biziarteko zigorra betez.

Zabarte preso arrasatearra Jaengo espetxean daukate. Jada 29 urte darama preso, bigarren aldiz atxilotu zutenetik. Berez, aurtengo martxoaren 29an irten behar zuen legez, baina doktrina hori aplikatuta, zigorra 2015. urtera arte luzatu berri diote.

Usandizagaren kasua are kezkagarriagoa da. 1997an espetxeratua izan zen, Zabarterekin batera Jaengo presondegian. Kasu honetan, irteera data izan aurretik aplikatu diote doktrina, eta hortaz, informazio gabeko egoeran dago oraintxe bertan. Inork ez daki irteera data berria noizko izango den.

Atzo jakinarazitako kasuetan hirugarrena Andoni Cabellori dagokio. Urbinarra 1991n espetxeratu zuten, eta egun Castello I espetxean daukate. Irteera data aurtengo martxoaren 21erako zuen berez, Zabarteren antzera, baina kasu honetan, kondenaren luzapena askoz handiagoa izan da, zortzi urtekoa, eta horren arabera, 2021era arte kartzelan edukiko lukete.

Etxeratek adierazi zuenez, hiru kasu berri hauek kontuan hartuta, dagoeneko 91 presori luzatu diete euren zigorra 197/2006 doktrinaz baliatuta. Gainera, elkarteak ohartarazi zuenez, bizi osorako espetxe zigor hau aplikatzen denean, «guri, senide eta lagunei, kondena berbera ezartzen digute». Hortaz, doktrina hau «berehala» amaitzeko deia luzatu zieten gizarteko eragileei.

Mobilizazioak azken ostiralean

Bestalde, Herrira mugimenduak gaurko, hilabeteko azken ostiralerako, euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak deitu ditu, ohiko den bezala, auzo eta herrietan.

Herrirak urtarrilaren 12an Bilbon egindako manifestazio erraldoiarekin lotu ditu gaurko elkarretaratzeak. Mugimenduaren aburuz, Bizkaiko hiriburuan batutako «sentsibilitate eta jatorri ezberdinetako pertsona, sektore eta eragileek transmititutako ilusioa eta energia bizitza soziala dagoen esparru guztietara hedatzeko unea da». Bide horretan, «ezinbestekoa da herriz herri, auzoz auzo eta hiriburuetan dinamika integratzaile eta efektiboak erdiestea presoen eskubideak, konponbidea eta bakea bultzatzeko».

«Gaur hilaren 12ko pankarta Euskal Herriko plaza guztietara itzuli da, sakabanaketaren eta espetxeetako salbuespen neurriak amaitu daitezela eskatzeko», dei egin zuen Herrirak. Pankarta horren leloari gero eta jende gehiago batuko zaiola baieztatu zuten, baikor: «Gero eta gehiago izango gara giza eskubideekin, konponbidearekin eta bakearekin konpromisoa daukagunak».

Presoen eskubideen aldeko plataformak bihar I. Bilgune Nazionala burutuko du, urteko balantzea egiteko eta 2013. urteari begirako helburuak zehazteko.

91 kasu

Etxeratek emandako datuen arabera, 91 euskal preso politikori ezarri diete 197/2006 doktrina. Horietatik 71k preso jarraitzen dute, kondena luzatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo