Aurrera begirako dinamikak sortu beharra dago
Legealdiko lehenbiziko osoko bilkuran, Gasteizko Parlamentuak hainbat gai jorratu zituen atzo. Gai-zerrendan bazegoen, halaber, bake eta elkarbizitzarako lantaldearen sorreraren gaineko eztabaida; halere, PSEk hurrengo bilkurara arte atzeratzea erabaki zuen, sorrera horren inguruko kontsentsua zabaltzeko, talde guztien babesa jaso dezan, alegia. EH Bilduk, iragarria zuen bezala, esan zuen lantaldeak giza eskubideen arloan izandako urraketa guztiak aintzat hartu beharko lituzkeela. PP, berriz, ez zen lantalde horren alde agertu, hartarako talde guztiek «terrorismoa gaitzetsi» beharko omen luketelako. Horren harira, eskuineko taldeak ETAren atentatuak gaitzesteko proposamena aurkeztu zuen, baina parlamentari gehienek atzera bota zuten. Parlamentuak, hartara, immobilismora daramaten jarrerak saihets daitezkeela, eta saihestu behar direla, erakutsi zuen atzo, euskal herritar gehienen eskaerekin bat etorrita, alferrikako polemikak gainditu eta aurrera begirako dinamikei eta norgehiagoka demokratikoari helduz. PPrena, egiaz, ez da indarkeria gaitzesteko edo memoriari eusteko proposamena, gai horretan, ikuspegiak ikuspegi, denen adostasuna dago eta. Mozio horrek beste helburu bat zuen, Parlamentu horretako eta herri honen politika, bera bezala, iraganean ainguratuta atxikitzea, bazterkeria politikoaren bideari eutsiz, norgehiagoka demokratikoaren beldur.