GARA > Idatzia > Euskal Herria

Werten jarrera «despotikoa eta intrantsigentea» salatu du EHUko Ikasle Kontseiluak

UPV-EHUko Ikasle Kontseiluak gogor kritikatu du Wert ministro espainolaren jarrera «despotikoa», Lakuako ordezkariarekin aste honetan izan duen batzarrean, hezkuntzaren erreformaren negoziazioari «bidea itxi» diolako. ELAk ere PPren asmoa salatu du, eduki eta prozeduraren aldetik.

GARA | BILBO

UPV-EHUko Ikasle Kontseiluak Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministro espainolaren «jarrera despotikoa eta intrantsigentea» salatu zuen atzo, bultzatzen duen (LOMCE) Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoaren negoziazioa errefusatzeagatik.

Hori adierazi dute ikasleen ordezkariek, prentsa ohar baten bidez, pasa den astelehenean Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura sailburuak Wertekin izan zuen bilera baloratzeko orduan. PPko ministroak exekutibo bien arteko negoziazioei «bidea itxi» diela esan zuen Uriartek, batzarraren ostean.

Ikasle Kontseiluaren iritziz, hezkuntzako arduradun bien arteko bilerak argi erakusten duenez, «Historiako ministro intrantsigenteenak zuzendutako serie luze bateko gertakari bat gehiago baino ez da».

Horregatik, Uriarte Lakuako sailburuari, euskal hezkuntza eredua «gorputz eta arimaz» defendatzeko eskatu diote, Wertek bultzatzen duen «uniformizazioaren eta zentralizazioaren» aurrean.

Bestalde, ELA sindikatuak Estatu espainoleko Eskola Kontseiluaren osoko bilkuran ez zuela parte hartu jakinarazi zuen atzo, Gobernu espainolaren hezkuntza erreforma «atzerakoia eta berzentralizatzailea» salatzeko. Hezkuntza komunitatearen eta gizartearen «mobilizazioa eta lana» ezinbestekotzat hartzen ditu zentralak Euskal Herrian lege erreforma horrek eraginik izan ez dezan.

Atzo bertan ospatu zen Estatuko Eskola Kontseiluaren bilkura, lege aurreproiektuari buruzko iritziak jasotzeko. ELAk gogorarazi duenez, hainbat elkartek eta eragilek egin zuten bezala, sindikatuak hezkuntza erreformaren aurkako txostena aurkeztu zuen aurreko asanblada batean.

«antzerkia»

Werten «antzerkian» ez duela parte hartuko esan du ELAk, ministroa «eztabaida eta negoziazioaren itxurak» egiten ari delako Estatuko Eskola Kontseilua deituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo