GARA > Idatzia > Mundua

Petrolioaren bilaketa orain arte ustiatu gabeko Artikoko lurraldeetara iristear dago

Petrolioaren bilaketa Artikoko lurraldeetara, hala nola Lofotenera, Islandiara edo Groenlandiara, iristear dago. Orain arte, babestuta egon dira eta ez dira esplorazioak egin, gehienbat, hara iristeko zailtasunengatik.

p027_f02.jpg

GARA | TROMSO

Klimaren aldaketari esker, egun errazagoa da Artikoko lurraldeetara iristea eta horietan esplorazioak egitea. Orain arte nahiko babestuta egon diren arren, badira Lofotenen, Islandian edo Groenlandian petrolioa bilatzeko esplorazio lanak egitea eskatzen hasi direnak. Horien artean, Islandiako Industria ministroa, Steingrimur Sigfusson. Aste honetan Norvegiako Tromso hirian egiten ari diren Artikoari buruzko Nazioarteko Biltzarrean adierazi zuenez, petrolio esplorazioak baimenduko ditu irlaren ipar-ekialdeko uretan, Norvegiako Jan Mayen irlaren hegoaldean, hain zuzen ere.

Islandiari «petrolio energiaren Saudi Arabia» deitzen diote, baina orain arte ez ditu ur azpian izan ditzakeen hidrokarburo erreserbak ustiatu.

Baina politika hori alda daiteke, are gehiago, 2008az geroztik pairatu duen ekonomia krisialdiak bultzatuta. 320.000 biztanlerekin, badirudi agintari islandiarrek petrolioa ustiatzeko erabakia hartu dutela ahuldutako ekonomia bultzatzeko.

«Gustukoa izan ala ez, petrolioaren menpe egoten jarraituko dugu hamarkada luzez. Eta petrolio hori nonbaitetik aterako da», plazaratu zuen Sigfussonek esplorazio lanak baimentzearen arrazoiei buruz galdetuta. Aitortu zuen ere islandiarrek ez dutela iritzi bera eta Gobernuaren erabakiak zatitu dituela.

«Hidrokarburoak ur azpian aurkitzekotan, lanak ingurumena errespetatuz eta kontrol zorrotzak betez egin beharko dira. Horretan, guztiok ados gaude», helarazi zuen Industria arduradunak. «Inguruan ditugun herrialdeak, Groenlandia, Faroe uharteak edo Norvegia, esaterako, esplorazioak egiten ari dira. Zergatik egin behar dio uko orduan Islandiak bere natura baliabideak ustiatzeari eta modu horretan bere ekonomia hobetzeari?», galdetu zuen.

Gobernuaren ustetan, lanak egin nahi diren kostalde eremuan, 250 eta 500 milioi petrolio upel egon litezke. Hori zehatz-mehatz jakin ahal izateko, dagoeneko bi enpresei baimena eman diete bertan esplorazioak egiten hasteko. Norvegiako Petoro enpresak %25 izango du.

Groenlandiak ere bide berari ekingo dio. Iazko udan, izotz geruza urtu egin zen aldaketa klimatikoaren ondorioz, bertaratzeko zailtasunak murriztuz.

Sara Olsvigek, Groenlandiako ordezkari denak Suediako Legebiltzarrean, azaldu zuenez, aurten prospekzioak egiteko baimenak emango dituzte. Groenlandiaren ipar-ekialdean egingo dira, Islandiatik gora. Horiei gehitu behar zaizkie jada eman dituzten hogei baimenak.

«Groenlandiako biztanleentzat, 57.000 bat, gasa eta petrolioa aukera ona dira garapen ekonomikoa lortzeko eta Danimarkarekiko independentzia sendotzeko», esan zuen.

Lofoten eta Vesteralen irletan ere -bertan Norvegiako bakailao-kala garrantzitsuenak daude eta National Geographicen hitzetan munduko hirugarren artxipelagorik ederrena da- prospekzioak egiteko asmoa du Norvegiako Energia ministroak, Ola Borten Moek, nahiz eta Helge Lund lehen ministroak horren kontra dagoela esan.

Legegintzaldi honetan behintzat -datorren irailean amaituko dena-, petrolio enpresak aipaturiko irla horietan ez zirela sartuko hitza eman zuen.

kritikak

Maren Esmarkek -Lurraren Lagunak elkartearen Norvegiako idazkari orokorra- gaitzetsi zuen Biltzarrean «agintarien ustetan klima aldaketak eskaintzen dituen etekin aukerak» baino aipatu ez izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo