GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berako Udalak «errespetua» eskatu dio UPNko zinegotziari

GARA | BERA

«Errespetu falta eta krispazio giroa sortzea» alde batera uzteko exijitu diote Juan Losa Berako UPNko zinegotziari Aralar, Bildu eta EAJk. Idatzi batean, desberdintasun politikoetatik harago urteetan egon den errespetu giroa hankaz goiti jarri izana kritikatu dute, eta bere politikak defenda ditzala, egin behar duen lana egin dezala eskatu diote, baina «eztabaida sosegatuaren bidez, eta udalbatzaren osaera eta bertako kideak errespetatuz».

«Ulertzen dugu, eta onartzen dugu, ideologikoki gugandik urrun egotea, eta horregatik, hasieratik normaltasunez hartu dugu gure udalean», diote. Baina herritarrek emandako ordezkaritza aitortzen dioten arren, egunetik egunera bere jarrerak okerrera egin duela agertu dute. «Zuzentasunaren eta egokitasunaren muga non dagoen jakitea zaila bada ere, uste dugu maiz gainditu duela; etengabe mehatxuan arituz eta debaldeko tentsioa eraginez».

Bilerak «lehertzen» ditu

Bileretan pizten dituen liskarrak eta udalbatzako kideei egiten dizkien probokazioak aipatu dituzte Bildu, EAJ eta alkatetza duen Aralarrek: «Gaitik kanpoko aipamenak egiten ditu, gai guztiak nahasiz; interbentzioak eteten ditu; azken batean, bilerak lehertzen ditu».

Hilabeteotan halako egoerak sortu izan direnetan alkatea bera ere ez duela errespetatu erantsi dute, ez hitza kendu behar izan dionean, ez kanporatzeko mehatxua egin dionean ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo