Hamaika film eta hamaika egun, Zinegoak jaialdiaren X. edizioan
Datorren urtarrilaren 31n, Bilboko Arriaga antzokia hartuko du jaialdiko hamaika egunei hasiera emango dien ekitaldiak. Aurten 85 lan izango dira ikusgai. Horietako zortzi Euskal Herrian ekoiztuak dira, eta hiru euskaraz eginak. Antzerkiak bere presentzia indartuko du.
Alvaro HILARIO | BILBO
Urtarrilaren 31n hasiko da hamargarren ediziora heldu den Zinegoak, Bilboko gay-lesbo-trans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Aurten 85 lan eskainiko dituzte zinemaldiko atal ezberdinetan.
Lan horietako zortzi Euskal Herrian ekoiztuak dira, eta hiru euskaraz: «Oso datu esanguratsua da guretzat, izan ere, ezin dugu ahaztu jaialdiaren helburuetako bat dela Euskal Herrian zinemagintza sustatzea. GLBT gaia jorratzen duten Euskal Herrian egindako pelikulak topatzea oso zaila gertatzen bada, euskaraz eginikoak aurkitzea ia ezinezkoa egiten da, eta beraz, oso pozik gaude zentzu horretan, gure lanak bere fruitua daukalako», adierazi zuen Bilbon emandako prentsaurrekoan jaialdiko komunikazio arduradun Bea Majuelok.
Honako zazpi aretoetan egingo dituzte emanaldiak: Arriaga, Alondegiko Golem zinemak, Fnac, Bilborock, BBK aretoa, Fas zinekluba eta La Fundicion.
Krisialdi larrian murgilduta gauden arren, iazko aurrekontuari (70.000 euro) eutsi dio Zinegoak jaialdiak, erakunde publikoek (Lakua, Bizkaiko Aldundia, Bilboko Udala) ez ezik, enpresek eta bestelako taldeek ere emandako laguntzei esker.
Ospakizun usaina duen hamargarren edizio honek antzerki lan gehiago eta atal berriak izango ditu, besteak beste, aurreko edizioetako film saridunak berriro ekarriko dituen Zorionak Zinegoak saila. Bueltatuko da, halaber, Txistuaren Showa, eta Bartzelonan egiten den Muestra Marrana ekimenaren hainbat lan ere izango dira jaialdian.
Filmak
Antolatzaileek emandako datuen erabera, 423 film jaso dituzte aurten, eta azkenean 85 aukeratu dituzte egitarau ofizialean parte hartzeko: hamazazpi film luze, zortzi dokumental, berrogeita hiru film labur eta beste hamaika lan labur esperimental. Horietako batzuk Sundance, Cannes eta Berlinale zinemaldietan parte hartu ondoren iritsiko dira Bilbora.
Arte eszenikoen arloko bestelako sei ikuskizun ere programatu dituzte. Tartean, hiru antzezlan. Bilborocken otsailaren 10ean ikusgai egongo den «Cuando Martina encontró su historia», bost urtetik gorako umeei zuzendua, Zinegoak eta Mauma elkarteak ekoiztua, zinemaldiak GLBT gaietan heztea gura duen seinale. Deustuko La Fundicionek hartuko ditu beste biak: Daniel Abreuren «Nuevamente ante ti fascinado» eta «Miguel Bonneville #6», Miguel Bonneville artista portugaldarraren performance lana.
Sarrerak eta ekitaldiak
«Nahi dugu jendeak ahalik eta film gehien ikustea», esan zuen Zinegoak jaialdiko zuzendari Pau Guillenek; horrela, sei film ikusteko eskubidea ematen duen bonua 20 euroan jarri dute salgai, eta ekitaldi guztietara joatea ahalbideratzen duen superbonua, 50 euroan.
Nia Acosta eta Josean Bengoetxea izango dira aurkezleak berriz ere Arriaga antzokian egingo duten Zinegoak 2013ko hasiera ekitaldian. Aurten Paul Festaren biolin emanaldia izango dugu, «The Glitter Emergency» bere film laburrari soinu-banda jarriko diolarik zuzenean Txaikovskiren «Biolinerako kontzertua»-aren «Canzonetta» y «Finale» interpretatuz. Ekitaldian zehar Gaël Morelek Ohorezko Saria jasoko du. «Les Roseaux sauvages» filmeko protagonista da bera, eta «Le Clan» (film luze onena 2006ko Zinegoak jaialdian) edota «Notre paradis» filmeko zuzendari eta gidoigilea, besteak beste. Galarako sarrerek iazko salneurri bera izango dute.
Itxiera ekitaldian, otsailaren 9an izango da, BBK aretoan eta 20.00etatik aurrera, eta The Hidden Cameras taldeak parte hartuko du, bestek beste. Sarrera 15 eurokoa izango da.
Jaialdian parte hartuko duten euskarazko lanak honakoak dira: Goenagaren eta Urrazaren «Morritson eta Gartzia» film luzea, Bastarrica, Deza eta Jordanen «Estereotipoak hausten», eta Irazusta, Bolivar, Vitoria eta Ormazabalen «Maskarak».
Non: Arriaga, Golem-Alondegia, FNAC, FAS, Bilborock, La Fundición, BBK aretoa.
Data: Urtarrilaren 31tik otsailaren 10era.
Antolatzailea: Hegoak.
Sarrera: Bonua, 20 euro; superbonua, 50 euro.