GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Desafioa

Apustuak bizirik eta indartsu daudela ikusiko da Tolosan

Irazu eta Zaldua neurtuko dira etzi zezen-plazan. Bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu beharko ditu, eta 6.000 euro jokatzen dituzte dirutan.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Jon Irazu eta Xabier Zaldua neurtuko dira igandean, 12.00etatik aurrera, Tolosako zezen-plazan. 10 kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak. Alde bakoitzak, berriz, 6.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Biak gogoz eta ongi daude iganderako. «Oso ongi nago. Iganderako gogoz. Apustuarekin disfrutatzeko asmoa ere badaukat», dio Irazuk. «Ongi prestatuta nago, gustura, eta apustuko eguna iristeko gogoz nago», dio, berriz, Zalduak.

Irazu ateratzen da faborito, baina berak ez du horrela ikusten bere burua: «Egia esan komunikabideek eta zaleek diote hori, baina nik ez dut neure burua faborito ikusten. Nik badakit bera oso ongi prestatuta egongo dela, eta igandean lan handia egingo duela», dio.

Zalduak ere desafioa oso estua ikusten du: «Egia esan apustua estua ikusten dut, ez dut alde handiegirik ikusten», erantsi du Zumarragakoak.

Lanari dagokionean, biak konforme daude: «Nik eskatu nuen oinbikoak jartzea, baina nik ere nahiago ditut kana-erdikoak, baina lana luzatu nahi genuen eta oinbikoak sartu genituen. Horiekin ere ongi moldatzen naiz», aitortzen du Zizurkilgo aizkolariak.

«Nik bota nuen desafioa, eta kana-erdikoekin bakarrik politagoa zela iruditzen zitzaidan, baina gero adostu genuen oinbikoena, eta ez dago buelta gehiago eman beharrik. Ez dut uste oinbikoak arazo izango direnik», aitortzen du Xabier Zalduak.

Azken honek apustuetan askoz ere eskarmentu gehiago dauka, igandekoa bere bosgarren apustua duelako: «Bosgarrena da, baina ohitu ez zara behin ere egiten. Tentsioa hor egoten da, nahiz eta orain jakin apustuak zer diren», onartzen du Zumarragako aizkolariak.

Irazuk, berriz, lehen apustua du, baina oraingoz lasai dagoela onartzen du Zizurkilgo aizkolariak: «Egia esan nabaritzen da txapelketek ez duten beste zerbait badagoela, baina ez dut aldaketa handiegirik nabaritu. Agian komunikabideen aldetik nabaritzen dut ezberdintasunik handiena», dio Irazuk. Iganderako, garbi dauka zer egin: «Nik uste dut buruz jokatu behar dela. Hasieratik indarra kontrolatzea izango da garrantzitsuena», dio Jon Irazuk.

Xabier Zalduak ere garbi dauka zer egin behar duen: «Nire asmoa berari eustea da, eta amaieran aurre hartzea. Buruan hori dudala joango naiz, baina gero han gauzak atera egin behar dira», eransten du Zumarragako aizkolariak.

Jon Irazuk hiru urte daramatza aizkoran, eta tarte horretan Euskal Herriko Lehen Mailara iritsi da: «Asko saiatu naiz, eta sekulako egur pila moztu dut tarte horretan», dio Irazuk.

Enbor normalak plazaratuko dituztela onartzen dute lehian arituko diren bi aizkolariek

Etziko apusturako, enborrak erdibana plazaratu beharko dituzte. Kana-erdikoak Zalduak eramango ditu, eta oinbikoak, berriz, Irazuk.

«Egia esan enbor onak bilatzea ez da erraza izaten, eta ezin esan on horietakoak direnik, baina txarrak ere ez dira. Normalak plazaratuko ditut», esan zuen Irazuk.

«Etxean dauzkadan enborretatik aukeratu ditut, eta ez dira primerakoak, baina txarrak ere ez. Egur normalak dira», esan zuen berriz Xabier Zalduak. Igandeko apustuan ere datu bitxi bat emango da, izan ere, Zizurkilen bi aizkolari daude, eta Otaegirekin ere neurtu zen Zumarragako kirolaria. J.L.

faboritoa

Zaleen ustez Jon Irazu ateratzen da apustua irabazteko faboritoa. Une honetan, bera Euskal Herriko Lehen Mailan dago, eta Xabier Zaldua, berriz, Euskal Herriko Bigarren Mailan.

Eskarmentua

Eskarmentuaren aldetik, Xabier Zalduak askoz ere handiagoa dauka. Etzikoa, jokatzen duen bosgarren apustua izango da, eta Jon Irazurentzat, berriz, lehenengo desafioa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo