GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Azken saioa jokatzeko txartela lortzea izango da guztien nahia

J.L.

17.30ean hasita jokatuko da Idiazabalen Euskal Herriko Txapelketako saioa. Gaurkoa 640 kiloko bigarren ekinaldia izango da, ligaxkako azkena. Multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuek lortuko dute datorren asteko finala jokatzeko txartela.

A multzoan, Ibarra, Murueta, Berriozar eta Sokarri lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Ibarra jaun eta jabe izan zen, eta jokatutako saio guztiak irabazi egin zituen. Ikaragarrizko okerren bat gertatzen ez baldin bazaio, gaurkoan ez luke inongo arazorik izan behar, eta finalean sartuko da talde gipuzkoarra.

Beste bi postuetarako lehia handiagoa izango dela dirudi. Joan den astean Murueta eta Berriozar berdinduta geratu ziren, baina, atzetik, gainean izan zuten Sokarri. Badirudi hiru talde hauen artean egon daitezkeela beste bi postuak. Azkena Abadiño B sailkatu zen, baina gaur ez da arituko. Taldean gripeak jota tiralari dezente omen dituzte, eta gaurko saiorako ez dute taldea osatzerik izan.

Oreka

Bigarren multzoan oreka handia izan zen lehen jardunaldian. Abadiño A eta Ñapurrak berdinduta geratu ziren lehen postuan, eta gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten. Badirudi bi talde horiek ez dutela aparteko arazorik izango eta finalean izango direla.

Hirugarren sailkatu zen Zuraide, eta atzetik, Iparralde. Badirudi bi talde horien artean egongo dela finalerako azken txartela, nahiz eta lapurtarrak puntu bateko abantailarekin abiatuko diren. Aukerarik izango ez duena 6 Conceyos taldea da. Asturiarrak joan den astean tiraldi guztiak galdu zituzten, eta oraingoan ere ez dute aukera handirik izango garaipenen bat lortzeko. Dena dela, beraien helburua hori izango da, tiraldiren bat irabaztea; alegia, bai baitakite finalerako txartela lortzea ia ezinezkoa dela. Beraz, emozio faltarik ez da izango gaur Idiazabalgo pilotalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo