GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Amodioa eta erantzukizuna

Zer egin maitasuna eta norberaren erantzukizuna bata besteari kontrajartzen zaizkionean? Marguerite Durasek ez zuen galdera horrentzako erantzunik, baina jakin bazekien bata besteari gailentzen zaionean ondorioa suntsipena baino ezin daitekeela izan. Bere estreinako nobeletan ¯Les Impudents (1943) eta La vie tranquille (1944)¯ jadanik aurki dezakegu Frantziako egilearen aipatu bi kontzeptuen gaineko kezka. Durasen esanetan, maitasunak ez du zoriontasuna ziurtatzen; aitzitik, harekin hasten dira arazoak, maitasunak eskatzen baitu konpromiso bat (maitatua den pertsonarekiko leialtasuna) printzipio etikoak etetera eraman gaitzakeena. «Hiroshima, mon amour» filman modu argian azaltzen zaigu hori. Jatorri eta kultura berekoak ez diren gizon eta emakume bat dira protagonista: arkitekto japoniar bat da lehenengoa, eta ezkonduta dagoen aktore frantses bat bestea. Emakumeak Frantzia nazien menpe zela soldadu alemaniar batekin izandako harremana aipatzen dio gizonari. Behin herrialdea askatuta, herritarrek emakumeari ilea moztu zioten bere krimen bikoitza nabarmen uzteko. Krimen bikoitza izan zen, batetik emakumea ezkonduta zegoelako (hots, gizarte konbentzioen kontra jo zuen), eta bestetik hiltzailearekin oheratu zelako. Presioaren ondorioz, emakumeak burua galdu eta gela batean giltzapetuta igaroko zituen hainbat hilabete. Izan ere, emakumeak ez zuen soldadu alemaniarrean hiltzailea ikusten, bere maitasunaren hartzailea baizik, eta zigorraren bidez ulertzen du zerbait izugarria egin duela, hiltzailearen amorante bihurtzean (nazien) izugarrikeriaren konplize bilakatu zelako.