GARA > Idatzia > Mundua

Zipre: estatu txiki baten erronka handiak

Zipreko Errepublika Europar Batasuneko estatu txikienetarikoa da, bai populazioari (800.000 biztanle inguru) bai hedadurari (12.500 km2) dagokionez. Hala eta guztiz ere, historia handiko lurraldea dugu Mediterraneoko uharte hau. Kokapen geografiko estrategikoa duela-eta, zibilizazio nagusi guztiak pasatu eta pausatu izan dira Zipren: hititak, asiriarrak, egiptoarrak, persiarrak, greziarrak, erromatarrak, bizantziarrak, veneziarrak eta otomandarrak, besteak beste.

p030_f01.jpg

Igor Urrutikoetxea | LABeko Nazioarteko idazkaria

Hori dela eta, kultura, erlijio eta etnia ezberdinen nahasketa Zipreko historiaren bereizgarri eta aberasgarri da. Gaur egun irlan, grezieraz mintzo diren zipretarrak dira nagusi (800.000 inguru), eta Zipreko Errepublikan bizi dira, baina turkieraz mintzo diren zipretarrak ere 200.000 inguru dira, Ipar Zipreko Turkiar Errepublikan (IZTE), azken hau soilik Turkiak onartua da mundu mailan; beraz, uhartearen bi aldeetan biztanle batzuk besteengandik erabat bereiz bizi dira.

Hizkuntza eta erlijio desberdintasunak aitzakia hartuta, turkiar nazionalismo otomandarrak Zipreko irla okupatzeari ekin zion 1974. urtean, eta armen bidez egun bere horretan jarraitzen duen zatiketa burutu zuten. Era berean, eta paraleloki, uhartea kolonizatzeari ekin zion aspaldi, turkiar jatorridun biztanleei Turkiatik Ziprera bizitzera joateko laguntzak emanez. 45.000 kolono turkiar inguru bizi dira egun Zipren.

Hala, egun, Zipreko lurrazalaren %37 Turkiak okupatuta dago. Nikosia hiriburua da horren adierazle nagusia, munduan bi estaturen artean erdibituta dagoen hiriburu bakarra baita, sasoi bateko Gerra Hotzaren lekuko mutu, bertan denbora gelditu balitz bezala.

Horrez gain, Zipreko Errepublika 2004. urtetik Europar Batasuneko (EB) kidea da, eta mundu mailan gertatzen ari den krisi kapitalista bortizki eta larrutik ordaintzen ari da. Bi gai horiek dira, hain zuzen ere, Zipreko erronka nagusiak: gai nazionala (uhartearen birbatzea nola gauzatu), eta gai soziala (Troikak Zipreko Errepublikaren «erreskaterako» ezarri nahi dituen neurriei zelan aurre egin).

Birbatzea: gaur atzo baino urrunago

2008. urtean, AKEL Alderdi Komunista Zipreko Errepublikan boterera heldu zenean, herrialdeko presidente Dimitris Christofias-ek nazioartean soilik Turkiak onartzen duen Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako (IZTE) presidentearekin elkarrizketak hasi zituen, uhartearen birbatzea helburu nagusi izanik.

Dimitris Christofiasek planteamendu zehatza egin zuen: estatu bakarra, batua eta bi nazioko federazioa sortzea, turkieraz zein grezieraz mintzo diren zipretar biztanle guztien kultur eta hizkuntz eskubideak errespetatuko lituzkeena. Egitasmo horren helburua, Turkiak duela ia 40 urte hasitako okupazio bidegabeari bukaera ematea zen.

2008an hasitako birbatzerako elkarrizketak gaur egun guztiz blokeatuta eta geldituta daude, aurrerapausorik eman ezinik. Izan ere, Zipreko okupatutako eremuko buruzagi gisa, elkarrizketei hasiera eman zien Mehmet Ali Talat-ek 2010ean IZTEko presidentzia galdu eta Dervis Eroglu-k irabazi izanak ez zuen lagundu elkarrizketek aurrera egiten.

Bide honetan, Turkiako Estatua eta Gobernua dira oztopo nagusiak. Izan ere, uharte bitan banatu, eta okupaturiko zatian Turkiaren «estatu titere» litzatekeena eta bere menpe legokeena sortu gura baitu, eta bi estatuen konponbidetik harago ez du beste soluziorik onartzen. Turkiak ez du onartzen bere indar armatuek irlatik alde egitea, ezta gaur egun dauden 45.000 kolono turkiarrak Turkiara bueltatu behar izatea ere.

Halaber, aurtengo otsailean Zipreko Errepublikan ezkerreko hautagai Stavros Malas-ek hauteskundeak galduko balitu eta alderdi kontserbadoreek irabaziko balituzte, gaia luzaroan blokeatuta geratzeko arriskua legoke, kasu horretan birbatzeari oztopo gehien jartzen dizkioten alderdiek leudekeelako Zipren bi gobernuetan.

Otsaileko hauteskundeak mugarri

Zipreko Errepublikak «erreskatea» deritzona eskatu behar izan zuen eta 2012ko azaroan heldu ziren aurre-itun batera Troikarekin; abenduan burutu berri da PEO sindikatu nagusiaren kongresua eta horren harira buruturiko bilera batean, Zipreko Errepublikako presidente Dimitris Christofias-ek esan bezala, berdintasun baldintzetan jokatzerik izan ez duten arren.

Errepublikak 12 bilioi euro inguru behar zituen (bertako barne produktu gordina 18 bilioi eurokoa da). Egoera ekonomiko larria, batik bat bi faktorek eragindakoa da: alde batetik, Zipreko Errepublikako finantza sistemak, bertako ekonomiaren oinarri nagusia izaki, Greziako bankuekiko zuen larregizko dependentziak Grezia pairatzen ari den krisia irlara berehala heltzea ere ekarri zuen. Bestalde, Zipreko Errepublikako Banku Zentralaren gestio eskasak 4,5 bilioi euroko zorra ekarri dio honi. Egungo Gobernua Banku Zentraleko arduradun ohia auzitara eramatea aztertzen ari da.

Aipatu beharra dago dirua jasotzeko eta herrialdearen kolapsoa ekiditeko aurre-itunean onartu behar izan dituzten neurrien artean gogorrena langile publikoen soldaten %15eko jaitsiera izan dela.

Era berean esan beharra dago Zipreko Errepublikako Gobernuaren jarrera irmoari esker Troikaren beste helburu batzuk ez direla lortu, eta hori dela eta, erreskateari ez zaio oraindik bide eman, negoziazioetatik hilabete igaro denean. Hona hemen, aurre-ituneko puntu garrantzitsu batzuk:

Troikak ez du lortu telekomunikazioak, elektrizitatea, ura eta portuak pribatizatzea, bere helburu nagusienetarikoa bazen ere. Beraz, Troikaren pribatizazio asmoei aurre egin zaie. Gaur egun Zipreko Errepublikako Gobernuak irabaziak jasotzen ditu erakunde publiko horietatik (600 milioi euro 2011n), eta publiko mantentzea lortu dute.

Duela urte gutxi Zipreko Errepublikako uretan aurkituriko gas natural guneen gaineko kontrola aurrerantzean Zipreko Errepublikak mantentzen jarraitzea lortu dute, Troikak herrialdeko baliabide natural horien gaineko kontrola gura bazuen ere. Hain zuzen, lorpen handia izan da hori Zipreko Errepublikako Gobernuarentzat, etorkizun hurbilean horiek ustiatzetik diru sarrera oso handiak espero baitituzte.

Bizitzaren kostuaren indizea deritzonari ere eutsi diote, nekez izan bada ere. Indize hori Europar Batasunean soilik Zipreko Errepublikan dago indarrean, eta horren arabera, soldatak urte batetik bestera automatikoki KPI kontsumo prezioen indizea bezainbeste igotzen dira, eta gero lan hitzarmenen bidez igoera hori handitu ere egin daiteke. Troikak bizi kostuaren indizea ezabatu nahi zuen, baina ez du lortu. Hori bai, hurrengo urteotan indize hori, KPIa igotzen denaren erdian, %50ean (eta ez osorik), eguneratuko da. Zipreko indar aurrerakoiek, dena den, lanabes juridiko hau mantentzeari, murriztapenekin bada ere, berebiziko garrantzia ematen diote, etorkizun hurbilean aurreko formula berreskuratzea (soldaten urteroko %100eko eguneratze automatikoa) posible izango delakoan.

Gabonetako aparteko ere soldatari eutsi diote. Izan ere, hori ezabatzeak Troikak eskatzen zuen bezala, are murrizketa handiagoa ekarriko zukeen jada murriztuak izan diren langile publikoen soldatetan.

Dena den, azpimarratu behar da, abenduan akordioa eta, beraz, «erreskatea» egintzat ematen baziren ere, oraingoz ez dela gauzatu. Bi izan dira horren arrazoi nagusiak.

Alde batetik, hainbat gobernuk Zipreko sistema finantzarioari errusiarrentzat paradisu fiskala izatea egozten diote, Estatu honek gai honetan nazioarteko legeria osoa onartu badu ere.

Bestalde, eta hau da arrazoi nagusia, otsailean uhartean hauteskundeak izango dituztenez, eskuina garaile ateraz gero, Troikak bere interesetarako, egungo Gobernuarekin lortu dutena baino akordio hobea lortzea espero du: sektore estrategikoen pribatizazioak, gas natural guneen gaineko kontrola eta beste ditu helburu, eta egungo presidente Dimitris Cristofias horren aurka azaldu da.

Zipreko Errepublikako egoera ekonomikoak eta bertako Gobernuak negoziazio gogorren bidez gaur-gaurkoz lortu dituen emaitzek zera erakusten digute: egungo mundu mailako krisi kapitalista egoerak ez duela gupidarik eta herrialde guztiei eragiten diela, eta Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak (hau da, Europar Batasunak) osatzen duten Troikak, testuingurua baliatu nahi dutela herrialde guztietan neurri neoliberal basatiak ezartzeko, bertako gobernuaren kolorea edozein izanda ere. Gainera, Zipreko Errepublikaren kasuan, presidentea AKEL Alderdi Komunistako kidea izateagatik erruz ordainarazi nahi izan diote munduko agintari kapitalistek.

Ezkerrak ere ikasi behar luke. Izan ere, Zipreko Gobernua Europar Batasunetik kanpo finantzabideak lortzen saiatu bazen ere, kontinentetik kanpoko estatuekin hitz eginez, azkenean beharrezko diru-laguntzak ez zituen lortu eta Zipreko Errepublika Troikarekin bakarrik negoziatzen aritu izan da. Mundu mailako estatuetako ezkerreko gobernuek honelako egoeran dauden gobernu aurrerakoiei elkarri lagunduz, kapitalismo basatiaren aurrean alternatibak praktikan badaudela erakutsi beharko lukete.

Testuinguru horretan Zipre bezalako 800.000 biztanleko herri txiki bateko gobernu ezkertiarrak Troikaren xantaiari jarrera irmoarekin erantzun dio, baina zoritxarrez ez du lortu langile eta herritar klaseen aurkako neurri guztiak geldiaraztea, langile publikoen soldata murrizketa bereziki. Gainera, Troika ez da ase oraindik, eta otsaileko hauteskundeen zain geratu da, egungo gobernu ezkertiarra gehiago estutzeko eta balizko eskuineko gobernu batekin, langile eta herri sektoreentzat txarragoa litzatekeen itun berria birnegoziatzeko asmoz. Honek hausnartzera bultzatu beharko gintuzke, Europar Batasuna bezalako munstro neoliberal baten aurrean herrialde txikiek ditugun mugapenez.

Beraz, datorren otsailean Zipreko Errepublikan izango diren hauteskundeek berebiziko garrantzia dute. Espero dezagun historia handiko irla txiki honetako biztanleek bozkatzean gogoan izatea egungo gobernuak azken urteotan langileen eta sektore behartsuenen alde onartutako hainbat neurri, azken hilotako Troikaren presioak ia guztiz estali dituenak: pentsioen eta soldata txikienen hazkunde nabarmena 2012ra arte, gaitasun mugatuak dituztenen aldeko neurri sorta, ikasketetarako laguntzak %50 handitu izana, garraio publikoaren modernizazio eta hobekuntza, eta abar.

Izan ere, inkestek dioten legez, komunikabide nagusiak kontrolatzen dituzten eskuineko alderdiek irabaziko balute, Troika Zipreko Errepublikaren jaun eta jabe bilakatuko da, eskuineko alderdiek Troikaren eskarien aurrean men ez egitea aurpegiratzen baitiote egungo Gobernuari. Honela gaur egungo gobernuarekin lorturiko aurre-ituna birnegoziatuko luke, Zipreko herritarrak eta etorkizuna are gehiago estutuz eta baldintzatuz.

Gainera, irlaren birbatzeari dagokionez, urte luzez gera daiteke gaia konponbiderik gabe, irlako eremu administratibo bietan birbatzearen aurkako indarrak leudekeelako gobernuan. Otsailean izango dugu erantzuna.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo