GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Mavericks 2013: Peter Mel irabazle etxeko olatuetan

Mavericksen egin duten azken txapelketa bertako surflari batek irabazi du; iazko olatu handien itzulia irabazi zuen lehiakideak hain zuzen ere: Peter Mel.

p046_f01_235x144.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Peter Mel izan da Mavericksen egin duten azken txapelketako irabazlea. Olatuak handiak izan ziren, baina egiari zor, ez ziren halako txapelketetan izaten diren ohiko munstroak izan.

Olatuek mota horretako txapelketa bat egiteko behar duten gutxieneko altuera zuten; beraz, olatu handien txapelketa bat izateko tamaina ertaineko olatuak zirela esan daiteke.

Espero zena baino itsaski txikiagoa sartu zen arren, txapelketa egitea erabaki zuten; izan ere, munduko leku ugaritatik joandako lehiakideak jada bertan ziren eta, gainera, itsasoaren baldintzak ederrak ziren; zeru urdina, eguzkia, olatuen arteko baga luzea eta 5 metro inguruko olatu garbiak.

Horrela, Half Moon badian bildu ziren munduko olatu handietako surflari onenetakoak, goizean goiz, elkarren artean olatu handietako itzuliko txapelketan lehiatzeko, baina batez ere, olatuekin gozatzeko.

Olatu handien munduko itzulia, Big Wave World Tour (BWWT), bost txapelketak osatzen dute, baina itzuli hau egin duten lau urteetan inoiz ez da lortu itzuliko txapelketa guztiak egitea; izan ere, baldintzak oso zorrotzak dira eta, askotan, gutxieneko itsaskirik ezean, txapelketak bertan behera geratzen dira.

Iaz, esaterako (2011/2012), itzuliko bi proba baino ez ziren egin, biak hego hemisferioko urautsietan, bata Txilen (Punta Lobos) eta bestea Perun (Pico Alto). Orain bi urte, berriz, 2010/2011 itzulian, hiru txapelketa egitea lortu zen, Txilekoa, Perukoa, bai eta Oregonen (AEB) egin zutena ere. Aurten, berriz (2012/2013), oraingoz bi txapelketa egin dituzte eta beste bi bertan behera utzi behar izan dituzte.

Lehena, Txilekoa, ez zen egin. Bigarrena, Perukoa alegia, abuztuaren 14an egin zuten eta Carlos Burle brasildarrak irabazi zuen. Hirugarrena, Oregonen egiten den Nelscott Reef Big Wave Clasic txapelketa, ere bertan behera geratu zen eta, beraz, Mavericksekoa, aurtengo itzulian egin duten bigarren txapelketa izan da.

Orain, Mexikoko Kalifornia Beherean aurkitzen den «Todos Santos» urautsi beldurgarriari begira daude lehiakideak. Otsaileko azken eguna baino lehen zazpi metrotik gorako olatuak ekartzen dituen itsaski bat sartzen bada, han izango da munduko olatu handien itzuliko azken proba.

Aurtengoa, mundu mailan egiten den olatu handien itzuliko laugarren edizioa da. Lau urte hauetan, lehen aldia da Mavericksen txapelketa egiteko behar besteko itsaski bat sartzen dela. Aurrez, itzuli honetatik kanpo bestelako txapelketak egin dira Mavericksen, baina BWWT itzuliko txapelketen artean aurkitzen denez geroztik ez da gutxieneko itsaskirik suertatu.

Aurtengoan, ordea, justu samar bada ere, gutxieneko olatuak izan dira, eta txapelketa egin ahal izan dute. Irabazlea, Peter Mel izan, bertako surflaria.

Santa Cruzeko surflari batek Mavericksen txapelketa bat irabazi zuen azken aldia 2005ean izan zen, eta irabazlea Anthony Tashnick izan zen. Beraz, Peter Mel oso gustura zegoen etxean irabazi ahal izan zuelako.

Iazko itzuliko txapelduna Peter Mel bera izan zen, egin zituzten bi txapelketetan emaitza oso onak lortu baitzituen. Txilen azken txandan izan zen eta Perun lehen postua eskuratu zuen; beraz, bi lehiaketetan lortutako emaitzen puntuak batuta eskuratu ahal izan zuen 2011/2012ko txapela.

Hala ere, Peter Mel aspalditik da ezaguna. Luzea da bere olatu handietako ibilbidea. Egun 43 urte dituen Santa Cruzeko surflari hau 90eko hamarkadan egin zen ezaguna. Lehenik surf txapelketetan buru-belarri ibili zen lehian, beranduago olatu handiak maite zituela ohartu zen, eta orduan maite zuen hori egitea erabaki zuen.

1997. eta 1998. urteen artean «El Niño» fenomeno meteorologikoak olatu handiak sorrarazi zituen eta Peter Mel txapelketak alde batera utzita itsaski bortitz haietan murgildu zen. Negu hartan, XXL olatuen izendapenetan arraun eginda hartutako olatu handienaren saria jaso zuen.

Hurrengo urtean, 1999an, olatu handietako munduko bi txapelketa ospetsuenetan laugarren postua eskuratu zuen, Waimean eta Mavericksen hain zuzen ere.

1999ko urriaren 28an Mavericksen orain artean hartu den olaturik handiena edo handienetakoa hartu zuen uretako moto bat baliatuta, eta bi urte geroago, 2001ean, Cortes Bank urautsia probatu zuen. Azken urteetan gainera, olatu handietako txapelketa garrantzitsuenetan parte hartzeaz gain, ASPko esatari lanetan aritu da, eta horrek are eta ezagunagoa egin du.

Santa Cruzen olatu handietan ibili izan diren surflari asko dago. Itsaski indartsuak izaten diren Kalifornia iparraldeko ur hotzetan aspalditik dator olatu handiekiko zaletasuna. Olatu handietako surflariek duten ospea ordea, ez da oso ona, parrandazale eta drogazale fama baitute.

Asko dira, taberna zuloetan, kartzelan edo metanfetaminaren atzaparretan galdu diren izen handiko surflariak. Peter Melen belaunaldian gogor eragin zuen droga izan zen metanfetamina. Askotan agertu izan dira egunkarietan Santa Cruzeko surf komunitatea droga trafikoarekin lotu izan duten albisteak.

Peter Melek berak aitortzen du 2000ko hamarkadaren ardialdera arte ohikoa zela metanfetamina hartzea eta menpekotasun arazoak ere izan zituztela. Sarritan, droga honen eraginpean itsasoratu omen ziren Mavericksen. Melek ez du bere iragana ukatzen, baina lotsarazi egiten duela dio: «Egin nituen gauzekin oso lotsatuta nago, ez dut horretaz hitzik ere egin nahi. Baina sendabiderik bada, hori komunikazioa eta informazioa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo