GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizko gaztetxean ertzainak pilota-jaurtigailuekin sartu direla salatu dute

Pasa den ostiralean Ertzaintza Gasteizko Gaztetxean sartu zen euskal presoen argazkiak kentzeko. Alde Zaharreko gazteek atzo salatu zuten bezala, Lakuako poliziek «modu autoritarioz, aurpegia estalita eta `peloteraz' armaturik okupatu zuten» muinoko etxea.

Ion SALGADO | GASTEIZ

Gasteizko gazteek Gaztetxearen aurkako beste eraso bat salatu zuten atzo. Azaldu zutenez, pasa den ostiralean, Ertzaintza muinoko etxean sartu zen Auzitegi Nazional espainolaren «ustezko» agindu baten mandatuari jarraituz. «Gaztetxea ekintza ezberdinetan ari ziren gaztez beterik zegoen, eta bat-batean modu autoritarioz, aurpegia estalita eta `peloteraz' armaturik eraikina okupatu zuten», nabarmendu zuten.

Gaztetxean egindako prentsaurrekoan, Julen Ormaetxea eta Galder Ruiz Gasteizko Gaztetxeko asanbladako ordezkariek salatu zutenez, etxean bilduta zeuden kide guztiak patiora jaitsi eta paretara begira jarri zituzten ertzainek. Azaldu zuten, halaber, zer gertatzen ari zen ikusteko «burua bueltatzen zuen edonor mehatxatzen» zutela poliziek.

Baina, pasa den astean Arabako ezker abertzaleak egin zuen bezala, gazteen salaketa nagusiak euskal presoekin du zerikusia. Antza denez, Ertzaintzak Gaztetxean zegoen gazte bati egotzi zion eraikinaren arduradun izatea, eta berarekin «etxe osoa miatu zuten, aurrekoetan egin izan duten moduan».

«Oraingoan, guztia hankaz gora jarri beharrean, ate guztiak ireki eta bideo kameraz grabatzeari ekin zioten. Azkenik ustezko arduradunari taberna irekitzea agindu zioten, eta bertan, atestatuaren arabera, 39 argazki kendu zituzten paretetatik», salatu zuten.

Ruizek eta Ormaetxeak argi utzi zuten Alde Zaharreko gazteek ez dituztela onartuko halako ekintza polizialak . «Nekatuta gaude. Gorputz polizial honen inpunitatea salatzen dugu, kolektibo eta norbanako askoren salaketen gainetik nahi dutena egiten jarraitzen baitute».

Gogora ekarri zuten Gasteizko Gaztetxea hiriko gazte ezberdinek eraikitzen duten esparru asanblearioa dela, eta poliziak ez duela bertan inolako lekurik: «Eta errepikatu nahi dugu argi gera dadin, gaztetxean ez dugu inolako poliziarik nahi. Kokoteraino gaude, honako hau ez baita izan sartu eta gure adiskide presoen argazkiak eramaten dituzten lehenengo aldia».

Elkarretaratzea

Bukatzeko, Gaztetxean bildutakoek Plazara! mugimenduaren deialdiarekin bat egin zuten azken erasoa salatzeko eta Xuban Nafarrateri elkartasuna adierazteko. Eragile sozialen elkarretaratzea bihar izango da, 19.30ean, Olagibel kaleko Ertzaintzaren komisariaren aurrean.

«Bertan egongo gara inpunitate poliziala salatzeko eta Xuban Nafarrateri gure elkartasuna adierazteko», azpimarratu zuten Ruizek eta Ormaetxeak.

Bildu

Bilduko udal taldeak gogor salatu zuen atzo gaztetxearen kontrako azken erasoa. Galdetu zuen, halaber, ea Ertzaintzaren jarrera horrek zerikusia duen EAJk martxan jarri nahi duen polizia «zibil, hurbil eta eraginkorrarekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo