KRONIKA | ZUBIETATIK ITURENERA
Joare soinuarekin lo dagoen natura (eta bihotzak) ernatuz
Zubietara heldu eta joare soinurik ez da oraindik antzematen, txistorra usaina baino ez. Oraindik nagiak atera behar dira, bideari ekin aurretik. Iturenera heldu orduko, espiritu gaiztoen arrastorik ez dago.
Maider IANTZI
Zubietara ailegatu, eta joaldunik ez, kamera ugari ikusi dugu goizean goizetik Malerrekako herri honetan bilduta, protagonistak berak baino lehenago inauteriei ekiteko prestatuta. Herriko Ostatuko arkupean joareak eta ardi larrua gerrian lotu dizkiete bi joalduni, puska biltzen hasteko. Gerrenaren edo burruntziaren puntatik txistorra, lukainka eta xingarra sartzen dizkiete etxez etxe, eta saskiak arrautzaz, azukrez eta bertzelako janariz gero eta gehiago bete, joareak astinduz lasterka dabiltzala. Kaleetan goiti eta beheiti, trikitilari eta panderojole bikote bat, herritarrak eta bisitariak dituzte lagun.
Mendaurreko tontorra elurtuta dago, giro umela eta hotza, eta zubietarrek indarrak hartu behar dituzte Iturenera abiatu aitzinetik. Hamaiketakoa egitera sartu dira Herriko azpira, presarik gabe. Eta pixkanaka-pixkanaka joan dira nagiak ateratzen. Ordu bat geroago, trikitixarekin kantari, irrintzika eta solasaldi animatuetan dabiltza.
Aterpetxeko atean, hiru emakume «xalada» argazkiak ateratzen eta kantari. Ganbarako lau trapu koloretsurekin mozorrotuta, denak eurei begira jartzea lortu dute. «Beti etortzeko, beti etortzeko, eta aurten aukera izan dugu. Gogoz gaude ikusteko eta parte hartzeko. Bermeokoak gara eta aterpetxean egin dugu lo. Larunbatean etorri ginen. Jende zabala da hemengoa eta eurekin bazkaldu eta afaldu dugu. Herri honetan sartuta gaude hasieratik», kontatu digute Anabel, Maite eta Arantxak. «Telebistaz ikusten genuen hemengo inauteria eta `ailegatu beharko dugu' esaten genuen. Hirurok lanean bi egun libre hartu ditugu honetarako».
Pedro eta Jesus Mutuberria eta Tomas Ibarra plazan daude besta hasteko irrikatzen. Ibarrak 67 urte beteak ditu eta joareak jotzen segitzen du, nahiz eta gaur ikusle gisa gozatzea erabaki. Pedro 45 urtez aritua da gidari edo agintari, joaldunen pausoa eta konpasa eramaten kornetarekin. Erran digutenez, ez dago adinik ez hasteko ez uzteko, sasoiak markatzen du hori. Inauterietako aktoreak, mozorro, karroza eta joaldunak, lehen eta orain berdintsuak direla azaldu digute. Baina garai batean ez zen gaurko kamerarik.
Ibilbidea egiteko modua ere aldatu da, lehen ez bezala, Aurtitzeraino kotxez edo karroza gainean jarrita joaten baitira joaldunak. Hiru kilometroko bidea da eta lagun hauek baieztatu digutenez, nekagarria da. «Txarrena jo eta gelditu, jo eta gelditu ibiltzen zarela da. Gelditzean min gehiago hartzen da. Bizkarra larrututa eta odolduta bukatzen da. Aurpegia ikustea aski da: joalduna beti serio ibiltzen da». Garai zaharrak oroituz, joan-etorria martxa ederrean egiten zutela kontatu dute, baina urteren batean Leitzako autobusa igarotzen zela aprobetxatuz, han ere egin izan dute buelta.
Neguaren akabila eta udaberriaren hasiera, lo dagoen natura ernatzea eta espiritu txarrak uxatzea; diotenez, hori da Ituren eta Zubietako joaldunek adierazten dutena. Inguru honetako jendeak mendian egiten zuen lana eta hasieran, joaldun guztiak mutilzaharrak ziren. 1984. urtearen inguruan ezkonduak onartu zituzten eta handik gutxira emakumeak. «Orain, denen artean ere mixeria», adierazi dute lehengo eta oraingo jende kopuruak konparatuz. Gaurkoan, hogei bat joaldun atera dira. 1999an, aldiz, 105 lagunek egin zituzten kontuak.
Baina zer da, egiatan, hainbertzetan aipatzen den kontuak egite hori? «Hamahiru otordu dira. Larunbat gauean hasita, hurrengo egunetako gosari, bazkari eta afari guztiak. Hor nahi duenak ematen du izena eta bukatu arte ez da jakiten zenbat ordaindu beharko duen bakoitzak. Iaz 120 euro atera ziren, arront ongi», azaldu digu lagun taldeak.
«Idatzi gabeko arauak»
Tomas Ibarrak 1966an gertatu zitzaiena oroitu du: «Orduan aratxea hiltzen zen eta Latasan aizkora apustua zela-eta guztiak hara joan eta bederatzi gazte bakarrik gelditu ginen herrian aratxe osoarekin!». Otordu bat galtzea bertzeek baino gehiago ordaintzea da, beraz, hobeki hutsik ez egitea... Hiru sukaldari aritzen dira jo eta ke, eta musika ere kontratatzen da. Lehen, bi gaztek antolatzen zuten dena eta ez zuten deus ordaintzen. Danbolin nagusiak erraten zitzaien.
Lehenago «idatzi gabeko arau batzuk ziren okerrenak». Errate baterako, gaztetan ez bazinen sartzen, gero, nagusiagoa izatean, ezin zinen bazkaltzera etorri. Gauzak majo aldatu dira ordutik. Ane eta Maider joaldun dira urtebete eta hiru urte zituztenetik. «Esperientzia arront ona eta polita da eta erraz aguantatzen da, indarrak hartu eta gero jotzen baitugu. Bi egunetan joko dugu, eta biharkoa [gaurkoa] oraindik hobea izanen da, emozio handiagokoa. Neska gehiago aterako gara gainera, sei edo zazpi».
Gaurko Zubietako bi neska joaldunentzat bukaeran, joaldun guztiak lasterka ibiltzen diren momentua da ederrena. Jendearen animo oihuekin, anitz motibatzen dira.
Esku batean ttuntturroa eta bertzean isipua, azkenean atera dira joaldunak aterpetik. Salto ttikiak eginez, bizkarra pixka bat aitzinera okertuta, joare soinuarekin batera jendearen bihotz taupadak azkartuz. Bitartean, karrozan taloa banatzen ari dira. Plaza gero eta beteagoa dago eta lehenengo pausoak eguzkitan eman dituzte protagonistek. Gure «atsuak» ere azaldu dira Surtido Cuetara eskainiz, eta Zubietako Bordatxozaleen karroza.
Zubietatik ateratzean, plastikoz, belar bustiz edo edozein trapu edo naturako elementurekin egindako mozorroak ikusi ditugu, aurpegia estalita gehienak, eta gibelean zer ezkutatzen zen irudikatzen hasi gara. Oihu, xuxurla eta soinu misteriotsuak aditzen dira Aurtitz aldetik. Espirituenak ote?
Ia ordu biak dira Aurtitzera ailegatzerako. Han, bertako hamalau bat joaldunekin elkartu dira zubietarrak eta salda beroa hartu dute indartzeko. Mozorroek fregonarekin garbitzen dituzte kaleak eta jendearen oinetakoak, Benidormeko jubilatuen karrozakoek kremaz oratzen dute jendea eta haizearekin buelta emandako eguzkitakoa ongi jarri ezinda dabiltza. Hauen gibelean, kotxe zahar batek gasolina usaina zabaltzen du, leherketa txikiak egiten dituen motor zarata etengabearekin batera. Iratzez eta animalien burezurrez beteta doa. Eta azkenik, Zubietako Alperrak. «Ni suizidiorik gabe gelditu naiz», jartzen du karrozaren aitzinean; eta atzean, «Nik 400 euro kobratzen ditut». Zerbeza edaten, erretzen eta arropatik kanpo ateratzen zaizkien koskabiloak laztantzen daude barrukoak.
«Barrenak eskatzen dizu»
Espaloietan daudenak ere bestaren parte bihurtzen dira sorginek hauts magikoz zikintzen dituztenean eta adardun izaki arraroek irrintzika eta bulkaka ernatzean. Latsagako zubitik iritsi dira Iturenera. Paisajea ederra eta giroa are ederragoa. «Aupa gizona, jaiki mutil...» jotzen du Kuxkuxtu txarangak, eta jendeak kantari eta irrintzika segitzen dio. Herritarrek bidea betetzen dute eta ezin da dena ongi ikusi. Euskalki ugariei erreparatuta, hango eta hemengo jendea dago.
Ardi larruz, erdi biluzik motozerrarekin zuhaitzak mozten ari diren izakiek erakarri dute gure arreta. Makilak bizkarrean, hezurrak zintzilik, gorputza zauriz beteta, beldurgarriak dira. «Kontuz! Ez dute-eta kontrolatzen», abisatzen dio lagun batek bertzeari izaki hauek ondotik igarotzean makilarekin edonor jo dezaketela konturatuta.
Iturengo bertze hogei bat joaldunekin batu dira Latsaga auzoan eta lehenengo buelta eta elkar agurtzeko momentua hagitz politak izan dira. Hala adierazi digu Jose Mari Iparragirre Iturengo joaldunak. Herri honetan ere gosari eder batekin hasi dute eguna. Gero herriari buelta eman puskak bilduz eta Latsagara lagunengana. «Barrenak eskatzen dizu. Inauteriak sakratuak dira guretzat. Lanean ezin badugu bakaziorik hartu, eritu egiten gara». Argitu digunez, iturendarrek eta aurtiztarrek bi larru izaten dituzte, bata gerrian eta bertzea bizkarrean; zubietarrek, aldiz, bakarra. Katez lotutako hartz bat ere izan dute lagun Aurtiztik Iturenera.
Azkenik, plaza lasai-lasai gelditu da. Sorginen errautsez, zerrautsez eta mota guztietako edabez beteta. Espiritu txarren arrastorik ez da.