GARA > Idatzia > Mundua

Sindikatu eta aktibistak Obamarekin pozik, migrazio erreforma dela-eta

Barack Obama presidente estatubatuarrak astearteko agerraldian migrazio legedia aldatzeko «unea iritsi» dela esan izana txalotu zuten Ameriketako Estatu Batuetako sindikatu garrantzitsuenek, baita etorkinen eskubideen defentsan lanean jarduten duten aktibistek ere.

GARA | WASHINGTON

Sindikatuak eta aktibistak pozik agertu ziren Barack Obama presidente estatubatuarrarekin, honek migrazio erreforma egiteko garaia iritsi dela esan duela-eta.

«Ezin dugu onartu migrazioaren atalean hain beharrezkoa dugun erreforma eztabaida bukaezina izatea. Bada garaia onartzeko, eta Kongresuak senatari demokratek eta errepublikanoek adostu berri duten proposamena onartzen ez badu, nik lege proiektu propioa aurkeztuko dut», adierazi zuen Obamak asteartean Las Vegasen.

«Oso ondo deritzogu presidentearen jarrerari eta erreformari eman dion sostenguari. Txalogarria da herritartasunari ateak modu bideragarri batean ireki behar zaizkiola esatea. Agirietan salbu, gainerakoan estatubatuarrak diren biztanle horiei herritartasunaren bidea zabaldu behar zaie», aldarrikatu zuen AFL-CIO sindikatuko presidente Richard Trumkak. AEBetako sindikaturik handiena da.

Presidenteak nabarmendu zuenez, «hamaika milioi gizon eta emakume itzalpean bizi dira. Agian, legez kanpo sartu ziren herrialdean edo bisa iraungi ondoren gelditu ziren. Dena dela, hemen bizi dira eta beraien komunitateetan laguntzen dute». «Egunero bizibidea ateratzen saiatzen dira eta askok merezi dutena baino soldata baxuagoren truke lan egiten dute. Hori txarra da bai beraientzat, baita guretzat ere», gaineratu zuen hitzaldian.

Trumkaren hitzetan, positiboa da Obamak immigranteak «ulertzen» dituela eta «langile etorkinen garaipena AEBetako langile guztien garaipena ere» badela esan izana.

«Obamaren lidergoak eta Senatuan lortutako akordioak itxaropenez betetzen gaitu. 2013a migrazio araudi erabilgarria eraikiko dugun urtea izan daiteke», gaineratu zuen.

Bidezko Migrazio Erreformaren Aldeko Koalizioak ere Obamaren hitzaldia eskertu zuen. Immigranteen eskubideen defentsan ari diren mugimendu garrantzitsuenak biltzen ditu horrek. «Migrazio legedia zuzenagoa eta gizatiarragoa izan dadin zenbait proposamen ipini ditu mahai gainean. Erreforma bere lehentasunetariko bat izatea txalotzekoa da», eman zuen aditzera Kica Matosek.

Dena den, argi utzi zuen etorkinek ez dutela onartuko «familien batasuna bermatzen ez duen proiekturik edo hiritartasuna aurreikusten ez duenik».

Migrazio Legeen Zentro Nazionalak ere begi onez ikusi zuen erreformaren inguruan dagoen adostasuna. «Estatubatuarrek aho batez eskatzen duten zerbait da. Hala islatu zuten hiritarrek hauteskundeetan», helarazi zuen Kamal Essahed.

Mexiko

Mexikoko Atzerri Ministerioak migrazio erreformak «ziurra, eraginkorra, oparoa eta lehiakorra» izan behar duela nabarmendu zuen eta, ildo horretan, Obama presidentearen adierazpenak eskertu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo