GARA > Idatzia > Kultura

Iluntasunak sortzen duen beldurra argazkitan jaso du Patxi Laskaraik «Goizari beha»-n

Donibane Lohizuneko La Rotonde gelak Patxi Laskarai argazkilariaren «Goizari beha» erakusketa hartuko du martxoaren 10a arte. Izturitze eta Otsozelaiko harpeetako iluntasuna bereganatu nahi izan du artistak.

p046_f02.jpg

Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE

«Egunak eman ditut Izturitze eta Otsozelaiko harpeetan itxirik, duela 30.000 urte pasatzen zuten beldurra irudikatzen. Argazkiak ilunpean hartu ditut gauarekiko beldurra irudikatzeko; horregatik erakusketa `Goizari beha' deitzen da», azaldu zuen Patxi Laskaraik bere erakusketaren muina.

Hasieran artista leizeek eskaintzen dituzten lurraren formak islatzeko asmoz joan zen, baina kobazuloek sortzen duten miresmenak hartuta beste bide bati ekin zion, goizaren zain. «Familiarekin joan nintzen eta lekua anitz maitatu nuen, estalaktitei buruzko lan bat egitea nuen buruan, baina han bizi nuenak ikusmoldea aldatu zidan. Emeki-emeki beltzari buruz joan nintzen, dena nahasiz» gehitu zuen argazkilariak.

«Argazki nahasi» gisa definitu du bere lana Laskaraik. Formatua «aski klasikoa» baldin bada ere, lan egiteko erak ematen dio nahasmena: «Batzuetan luzaz izaten nintzen argazkia hartzen, minutu bat edo bi, zer ateratzen ari nintzen jakin gabe. Gainera, ez nuen flasha erabili nahi, ez eta tripodea ere».

Argazki horien bitartez ere historiaurrera hurbiltzearen sentsazioa nabarmentzen du: «Suarekin ere dena mugitzen da, eta horregatik nireak irudi nahasiak dira».

«Jendearen fantasmak ikusten dira irudien interpretazioan, gure beldurrak. Nik argazkiak hartu ditut, baina ikusleek gero nahi duten bezala irakurtzen dituzte», azaldu zuen.

La Rotondeko gela borobilean argazkiez gain eskultura bat ere jarri dute erdian. Aitor de Mendizabalek eginiko obra honek «bere formetan leizeen gaiarekin bat egiten du».

Urtarrilaren 26an Mendizabalek La Rotonden eskaini zuen hitzaldia horrela azaldu zuen Laskaraik: «Duela 30.000 urte gizakiek harpeetan margotzen zuten. Mintzaldian artea sortzeko ideiak nondik heldu diren aipatuko du».

Bigarren mintzaldia Gonzalo Etxebarriaren eskutik helduko da datorren otsailaren 9an. Margolariak Laskaraien argazki bat kopiatuko du eta hizketaldian errealitatetik hurbilen nor dagoen gogoetatuko du. Egun horretatik aurrera margoa erakusketaren parte izanen da.

Arte ezberdinen arteko kolaborazioa erakusketa honetatik harago eramanen du Laskaraik. Gonzalo Etxebarria margolaria eta bere semea, Petti Etxebarria, izanen ditu bidelagun jendearen eta eritasunaren inguruan prestatzen ari diren egitasmo batean.

Laskaraik argazkiak eginen ditu; Etxebarriak, aitak, margoak; eta bideoak haren semearen esku geldituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo