Sintaxiaz, erlatiboaz eta aditzaz eztabaidatzeko mintegia Amurizarekin
GARA | IRUÑEA
Xabier Amurizarekin esaldien luze-laburra, perpausen ordena eta aditzaren labur-premia aztertzeko aukera izanen da, bertzeak bertze, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak antolatu duen «Zazpi ebidentzia birjaiotzarako» jardunaldian. Larunbat honetan eta hurrengoan, otsailaren 2an eta 9an, izango da hitzordua Euskokultur Mintegian (Baratzeetako Zeharkalea 2, Iruñea).
Sei orduko iraupena du, bi egunetan 10.30etik 13.30era eginen da, eta gaur da izena emateko azkenengo eguna, 948 144 706 zenbakian eta info@hedabe.info helbidean. Matrikula orokorrak 20 euro balio du eta UEUko bazkideentzat, 15.
Lehenengo egunean, adibidez, esaldien luze-laburraz solas egitean, bertsolari eta idazleak azalduko du luzerak ez duela beti zailtasuna erran nahi. Euskarak, tresna bezala, gaitasun osoa eta normala izan behar duela defendatuko du, esaldi mota guztiak, labur zein luze, erraz zein konplexu, nahiaren arabera josteko, inguruko hizkuntza garatuen antzera. Dena adibide konkretuekin agertu eta eztabaidatuko da.
Bigarren egunean, aditzaren labur-premiak anitz direla erakutsiko du: elkarrizketak, titularrak, iragarkiak, leloak... Eta baliabide bat proposatuko du: aditz trinkoa galbidetik garapenerantz eramatea. Mintegia bereziki zuzendua dago euskara eguneroko lanabes dutenentzat.