GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskararen normalizazioranzko aurrerapausoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den urrian iragarri zuenez, lehiaketa publikoetan hizkuntza irizpideak ezarriko ditu. Zalantzarik gabe, erabakia aurrerapausoa da euskararen normalizazioaren bidean. Are garrantzitsuagoa, gainera, herrialdeko beste 38 erakundek ere abiatuko baitute ekimen hori: Uemak, Urola Kostako Mankomunitateak eta 36 udalek, hain zuzen. Hartara, obra-kontratuetan eta zerbitzuetako kontratazioetan zenbait irizpide bateratu ezartzeko proposamena egin dute, irizpideok lekuan lekuko egoeraren arabera erabiliko dituzten arren. Horien bidez, hainbat kontu arautuko dira, esate baterako, zerbitzua emateko hizkuntza, kontratatutako zerbitzuetarako enpresetako langileek izan behar duten hizkuntza gaitasuna edo herritarrekiko zein administrazioarekiko harreman hizkuntza. Irizpide horiek elebitasuna bermatuko dute, legearen arabera eta agintari guztien arabera bermatuta dagoen baina herritarrek behin eta berriz urratuta ikusten duten eskubide hori. Eta, gainera, euskara dagokion lekua hartuz joan dadin, kontratuak euskara hutsean egitea komeni denean, hala egiteko baldintzak jarriko dituzte. Esan bezala, aurrerapauso bat euskararen normalizazioaren bidean, oraindik horrelako ekimen ugari behar dituen bide luze eta neketsuan. Eta aurrerapauso bat, halaber, euskal hiztunen eta oro har herritarren eskubideak bermatzeko eginbeharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo