GARA > Idatzia > Kultura

Palestinaz ez, oraingoan Ander Lizarraldez eta Unai Muñoaz

Ander Lizarraldek eta Unai Muñoak «entzulearen aurrean biluzteko» beharra sentitu dute, eta hortik sortu da bertsoak, musika, antzerkia eta poesia uztartzen dituen «Ez gara Palestinaz ari» ikuskizuna. Larunbatean izango dute lehenengo emanaldia, Andoaingo Basteron.

p047_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Bertsolariok ohituta gaude Euskal Herriko gatazkaz, Saharaz, Palestinaz, feminismoaz, sozialismoaz... hitz egitera», azaldu zuen Ander Lizarraldek, «eta zenbat lagun ditugun eurekin oso intimitate gutxi konpartitzen ditugunak», erantsi zuen Unai Muñoak. Bi bertsolari hauek behar hori sentitu zuten, barne desioak plazaratzekoa, «ongi edo gaizki sentiarazten gaituzten gai horiek, sarritan ihes egiten diegun beldur horiek, frustrazioak, amorruak, geure buruari barre egiteko nahiak», eta bi urteko lanketaren ondoren sortu da «Ez gara Palestinaz ari» ikuskizuna.

«Mezutik abiatutako ikuskizuna da», azaldu zuen Muñoak, baina bertsotan hasi zena biribilduz joan dira, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera. Umorea ere uztartu dute, «konturatu ginen hasieran dena mezu oso sakonak eta ilunak zirela eta esketx batzuk tartekatu ditugu». Poesia, antzerkia, kantua, bideoa... Nolabait definitzeko, «biluzte artistiko bat», finean. «Ekarpen bat egin nahi diogu plazari bertsoak, pianoak, akordeoiak eta gitarrak lagunduta. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu. Hain ohituak gauden isildutako egiak aitortzeko ahalegina egitera gatoz, gezurrik gabe».

Lehenengo emanaldia larunbat honetan izango dute Andoaingo Basteron. Oiartzunen eta Larraulen ere eskainiko dute lana eta Bilbon eta Itziarren ere datak zehazteke dituztela jakinarazi zuten atzo.

«Garen bezalakoak»

Ikuskizuneko kartelean bertan laukote hau zertxobait gehiago ezagutzeko aurrerapena eskaintzen dute. Pankarta moduko bat eusten ageri dira laurak, baina oihalak «biluzi» egiten ditu, erradiografia bat eginez; «kontsignei heltzen badakigu, baina honetan, kontsignen atzetik geure burua den bezalaxe aurkitu eta erakutsi nahi dugu», esan zuen Lizarraldek. Bere hezur artean, esaterako, Xabier Leteren disko bat eta takoidun zapata bat ageri dira, «nire bizitzaren zati handi bat emakumeak `kamelatzen' pasa dudalako edo...».

Muñoak, berriz, aitortu zuen emakumetan ere saiatu izan dela baina diskurtsoetan gehiago. «Kubako txapel iraultzaile bat jarri dut, beti izan naizelako hitz errazekoa eta oso diskurtso zalea. Eta koala bat, hartz jatorraren izaera horregatik, beti konkistatu nahia bestea ontasunetik eta irribarretik, besarkatzeko gogoa ematen duen hartz horietako bat izateko borondate hori». Kamio musikak bizi du, piano bat eta partiturak jarri ditu, eta Atxegak txapela eta zahatoa, «hauek ezagutu aurretik gaueko bizitza egiten nuelako», esan zuen.

Diren bezala azaltzeko, «gizonkeriaz» hausnartuko dute esate baterako; «gizonkeriatik gizonera» deitu diote. «Gogor izan beharrak ahul egiten gaitu, eta ahul garela ez onartzeak bakartu eta emozionalki isolatzen gaitu. Sexualki lortzen dugun palmaresak mailakatzen gaitu».

Haurtzaroaz ere arituko dira; egoaz, «umorez saiatu gara lotsaz gordea edukitzen dugun gure zati hau azaleratzen, ziur asko, emanaldi hau egitea eta gainera, guri buruzkoa izatea, egozentrismo ariketa bat izango da»; askatasun pertsonalaz; beldurrez, «biluzteak beldurraren aurrean jarri gaitu, badakigulako epaituak izan gaitezkeela».

Gertukoenen aurrean egina dute saio bat eta laguntza handia izan dutela esan zuten, baina biluzte honen aurretik oso urduri daudela aitortu zuten.

II. Bertsomovieda lehiaketa abian da

Iazko arrakastak bultzatuta -ehun bideotik gora aurkeztu ziren-, Beasaingo Arrano Kultur elkarteak Bertsomovieda lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. «Garai berrietara» egokitutako lehiaketa da, «ohiko bertsopaper lehiaketen zabalkunde eta parte hartze apalaz jakitun», azaldu zuten atzo. Sarean zintzilikatuko diren bideo euskarrian bertsoa bestelako adierazpide artistikoekin (musika, irudia, dantza...) uztartzeko aukera eskaintzen du lehiaketak. Gutxienez zazpi segundoko euskarazko bertso bat grabatu eta partekatu behar horretarako. Oinarri guztiak www.bertsomovieda.com atarian topa daitezke, baita iazko lanak ere. Bideoak otsailaren 1etik martxoaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eta sari mardulak iragarri dituzte. Helduen mailan onenak 1.000 euro jasoko ditu eta epaimahaiaren ustez bertsorik onenak dituenak 250 eurokoa. 350 euroko beste aipamen sari bat ere izango da, hala erabakitzen badute. Gehienez ere DBHko 4. mailan daudenen lan onenak 400 euro jasoko ditu eta, aurten, bozkatzeko aukera ere izango denez, 500 euroko saria jasoko du ikusleen boto gehien jasotzen dituen bideoak. GARA

PUBLIKOAREN ISPILU

«Garena erakutsi nahi dugu, gure bitartez galdera ikurrak zabalduz eta publikoak bere barne kezkekin konekta dezan. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu», azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo