Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren injustiziak
Musikari andanak gitarra hartu izan du borroka tresna bezala, gatazka politikoetan arma balitz bezala. Gitarra eta musika bera lorpen politiko eta sozialak eskuratzeko, gizatasunik gabeko mundua eta bera gobernatzen duten agintariei aurre egiteko. Kontu hauek ez dira garai zaharretako kantuak bakarrik. Kantu eta kontuak injustiziari bere lotsak, gezurrak, heriotza-hilketak gaitzesteko sortu dira eta abestu ditugu urterik urte. Estatuen botereak berean segitu du eta beti atera zaizkie injustiziaren kontrako abestiak. Baina politikariek zer eta nola saltzen diguten injustiziaren aurpegia desitxuratua da. Rajoy injustiziaren paradigma bilakatu da; berak, antza, pairatzen duelako injustiziarik latzena bere uste ustelean. Berriki esan du ez dagoela injustizietan injustiziarik handiena orokortzea baino, ez desberdintzea, dena zaku berean sartzea: «Politikan jende asko da ondradua, gehiengoa. Ez dut inoiz onartuko jarrera edo portaerak orokortzea, hori baita dagoen injustiziarik gorena». Estatuen justifikazio bakarra gerrak antolatzea izan da. Gudaz guda injustiziaren esanahiak bere adorea galdu du justiziak banatzen digulako injustiziaren aurpegirik odoltsuena, hiltzaileena. Ikusten ez diren gerretan egunero pilatzen dira milaka heriotza mundu zabalean. Aurreko batean Anoetako harmailetatik egotzi zituzten, Cabacasi egin ziotena esateagatik poliziari. Jare eta Kaotiko taldeak Cabacas gazteari egindako injustiziaz mintzo dira abesti berri banatan. Hilketaren hilotza bero, musikaren doinuak injustiziak argitzen, baina ekintzek garbi azaltzen dute gordintasuna. Justiziaren etxea injustiziaren eraikitzailerik amorratuena da.