«Kameleoia», Txomin Eneako dantzaguneko azken jauzia
Hankak gora eta buruak astindu, jauzi bat aldamenera lagunari laztan bat egiteko. Sentimenduz beteriko keinuak entseatu behar dituzte Dantzaz konpainiako kide gazteek maiatzean estreinatuko duten «Kameleoia» ikuskizuna dantza baino, musikaz lagunduriko oin-puntetako poesia egiteko.
Nagore BELASTEGI
Dantzaz mundu osoko dantzariak hartzen dituen konpainia da, baina era berean beste taldeetara jauzi egin dezaten behin- behineko etxea da. Bost neskak eta bost mutilek osatzen dute, eta noizean behin MUGI bertakoentzako zelula bereziko dantzariek hartzen dute parte. Dantzari batek beste konpainia batean lana topatzen duenean alde egiten du eta hutsunea beteko duen berri bat sartzen da. Honela dantzari gazteek (18 eta 21 urte artean dituzte oraingo kideek) ikasten ari diren bitartean lan munduan aritzeko aukera dute.
Dantzariak konpainia utzi eta beste toki batera joaten diren bezala, Dantzaguneak ere, Artelekurekin batera, leku aldaketa egingo du laster. Uholdeak direla-eta, Donostiako Udalak Txomin Enea auzoa birmoldatu nahi du, eta horrekin batera Arteleku eraikineko artistak lekualdatu. «Errenteriara bidaliko gaituzte eta bertan espazio aproposa dugula uste dugunez, pozik joango gara. 2011ko uholdeetan dokumentazio guztia galdu genuen, izugarria izan zen guretzat», azaldu zuen dantza taldeko zuzendari nagusi Fernando Saez de Ugartek.
Hala ere, pena ematen dio Arteleku uztea beste artista garaikideekin duten harremana eten egingo delako, baina orain arte egindako harremanak sustatzen jarraitzeko itxaropena azaldu zuen. Bitartean, maiatzean aurkeztuko duten lana, Jacek Przbylowicz koreografo poloniarrak eta Itzik Galili israeldarrak osatutako ekoizpen berria, ari dira entseatzen, Txomin Eneatik aterako den azken dantza, alegia.
«Kameleoia» ikuskizuna maiatzaren 18an aurkeztuko dute Victoria Eugenia antzokian eta ordura arte, egutegiko zenbakiei begiratzeko denborarik gabe, pausoak garbitzen dihardute, oraindik eskaintzen ari diren «Arte-An» ikuskizunekoak alde batera utzi gabe. «Informazio berri asko da, eta aurretik ikasitakoarekin tartekatu behar dute», aipatu zuen Adriana Pousek, konpainiako zuzendari artistikoak. Pous da ikuskizun bakoitzeko programa osatzeko arduraduna. Bi koreografoek hautatu dituzten musikak antzekotasunik badute; beraz, dantza estiloan ere harremana dute. Saez de Ugarteren esanetan, Dantzaz konpainiaren ekoizpenak ez dira publiko zehatz bati zuzendurikoak, edonork ikusteko eta ulertzeko modukoak baizik. Hala ere, askotan dantza emanaldiek istorio bat kontatzen badute ere, Dantzaz-ek lan narratiboak alde batera utzi eta poesiara jotzen du sentimenduekin eta zentzumenekin jolasteko.
Oraindik asko dantzatu behar dute maiatzeko emanaldirako, baina pixkanaka hasi da iristen atrezzoa. Natasja Lansen diseinatzailearen jantziak eramango dituzte dantzariek ikuskizunean. Bakoitzaren gorputzera ari dira moldatzen jada «Chameleon»-eko jantzi beltzak eta «Things I told nobody»-ko urre koloreko belusezkoak; horregatik ez zituzten soinean ikusi ahal izan genuen dantza zatian. Horien ordez, arropa erosoa zeramaten, oinetan galtzerdiak edo zoruan irristatzeko kuxin txikiak jarrita. Datozen hilabeteetan iritsiko dira ere agertokian jartzeko behar dituzten alfonbra, argiak eta pantailak, baina garrantzitsuena pertsonak dira.
«Kameleoia» ekoizpena Przbylowicz-ren «Few brief frecuences» koreografiarekin biribiltzen da, eta hori joan den azaroan landu zuten koreografoaren kide batekin batera. Egun hauetan, berriz, Galiliren laguntzaile Leonardo Centi dute alboan Dantzaguneko gela zabalean, pauso guztiak aztertzen. Entseatzen ari diren bitartean Centi adi dago eta etengabe ari da musikaren erritmoa jarraitzeko jarraibideak ematen. Musika isiltzen denean aldatu beharreko xehetasun txikiak aipatzen ditu, dantza gero eta garbiago ateratzeko.
Dantzariarena lan gogorra da, taula gainean ikusten ditugunean, txoriak bezain arin, izerdi tanta bat bota gabe, aritzen direla iruditzen bazaigu ere. Ondo dakite hori konpainiarekin dantzan aritzen diren Garazi Etxaburuk eta Ane Anzak, -ikuskizunean parte hartzen duten hiru euskaldunetako bi-. «Hasieran mugimendua ez da hain garbia, baina pixkanaka berak nahi duena egiten joaten gara. Pazientzia handia dauka», adierazi zuen lehenengoak, «txikitatik ari gara dantzan eta ez zaigu hainbeste kostatzen pauso guztiak ikastea», esan zuen Anzak.
Izan ere, mundu osoko dantza-eskoletatik datozen profesional hauek egunean zortzi orduz aritzen dira dantzan. Klaseak hamarretan hasten dira, baina aurretik giharrak luzatu behar dituzte. Horren ondoren, klasikoa dantzatzen hasten dira eta pixkanaka intentsitatez igotzen joaten dira. «Berri bat etortzen denean hurrengo egunean erabat minduta egoten da -adierazi zuen Saez de Ugartek-, kirolari profesionalen parekoak izan behar dute».