Iruñean ospatuko da aurtengo Aberri Egun «zabal, anitz eta parte hartzailea»
Independentistak Sareak aurtengo Aberri Egunaren aurkezpen ofiziala egin zuen atzo, joan den urtean bezala, Iruñean ospatuko duena. «Siglen gainetik, eguna nazio gisa ospatzea» espero dute sareko kideek, «munduari bizirik dagoen herria garela helarazteko».
Mikel PASTOR |
Independentista sareak euskal aberriaren jaia ospatzeko Iruñea hautatu du aurten ere. Nafarroako eta Euskal Herriko hiriburu historikoak Independentistak Sareak deitutako Aberri Eguneko ekitaldiak hartuko ditu martxoaren 31n. Antolatzaileek hitzordu «zabal eta anitza» izatea espero dutela nabarmendu zuten atzo, «alderdien siglez gaindi egongo dena».
Bilbon egindako agerraldian Itziar Ituñok -euskaraz- eta Txutxi Ariznabarretak -gaztelaniaz- krisi ekonomiko eta sozialarekin lotu zuten Aberri Egunaren eta, oro har, independentziaren beharra: «Egoera ekonomikoa okerrera doa etengabe, eta Euskal Herrian ere gogor nozitzen ari gara». Ondorioen artean, «ondare ekonomikoen likidazioa, langabeziaren igoera, zerbitzu publikoen desmantelamendua, prestazio sozialen murrizketak edo etxe kaleratzeak» aipatu zituzten.
Errealitate horren aurrean zenbait alderdik aitzakiak jartzen dituztela salatu zuen erakunde abertzaleak. «Independentziaren gaia mahai gainean jartzen den bakoitzean horrelako gaiak planteatzeko unea ez dela esaten digute, lehendabizi krisiari irtenbidea eman behar zaiola eta gero hitz egingo dugula», kritikatu zuten.
Independentistak Sarearen iritziz, ostera, burujabetza eta krisia eskutik doaz: «Eskuak lotuta ditugu, itota sentitzen gara. Espainiar eta frantziar estatuek inposatzen dizkiguten neurrien menpe gaude. Ez dugu tresnarik krisialditik irteteko neurriak erabakitzeko, ezta gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko ere». Baliabide falta horretatik ondorio garbia atera zuten biek ala biek: «Euskal estatua eraikitzea da krisialditik irten eta etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko alternatiba bakarra».
Bateratzearen beharra
Ariznabarretak zein Ituñok Aberri Egun bateratu baten beharra aldarrikatu zuten. Euren aburuz, «siglen gainetik, alderdien gainetik, nazio gisa jardun behar dugu». Alderdiei deia zabaltzeko «inor ez» direla onartu arren, ekimen «zabal, anitz eta parte hartzailea» antolatu nahi luketela esan zuten. «Gurean zein mundu osoan barrena dauden euskal independentista guztiak elkarturik ikustea da gure nahia», adierazi zuten, «Euskal Herriaren eguna. Independentziaren eguna» gaineratuta.
Bestalde, Aberri Egunak eta Gazte Danbadak egun berean bat egiteak ere kezkatzen ditu antolatzaileak, baina horrelako kointzidentziak «euskal agenda politiko estuaren» ondorio direla onartzen dute.
Arlo sozioekonomikoak pisu itzela hartu du independentziaren aldeko argudio zerrendan. «Independentzia da krisiak aurrera egiteko uzten digun alternatiba eta irtenbide bakarra», esan zuen atzo Independetistak Sareak.
Alderdi eta eragileei deialdiak egiteko «inor ez» direla baieztatu arren, Sareko kideek horien guztien batasuna beharrezkotzat jotzen dute, «siglen gainetik nazioaren, herriaren eguna» izan behar duela nabarmenduz