ELEBERRIA
Ikara galduta
Iban BALERDI
Miroslav Krleza (1893-1981) idazle kroaziarraren izena ez da gure artean ezagunegia. Erroteta argitaletxearen eskutik jasotako Hasier Agirreren itzulpena dugu euskarazko lehendabizikoa. Dena den, ingelesera edota gaztelaniara itzulitakoak ere ez dira askoz gehiago. Baina sorterrian XX. mendeko garrantzia handieneko idazletzat dute. Denetik sortu zuen, eleberriak, antzezlanak, poemak, saiakerak eta ipuinak, baita modu oparoan ere, dozenaka liburu idatzi baitzituen. Hizpide dugun hau 1938an argitaratu zen, bere literatura bizitzako heldutasun bete-betean.
«Guztiok daramagu mozorroren bat aurpegian, eta, inoiz, guztiok sentitzen dugu kentzeko beharra, segundo gutxi batzuetarako bada ere gure sentimenduak agerian jartzeko premia». Nahigabe eginagatik, zorigaiztoko momentuak protagonistaren bizitza zenbateraino alda dezakeen erakusten zaigu nobela honetan. Izan ere, Domacinski jaunak, hogei urte atzera berak akabatutako lau nekazarien istorioa, enegarrenez, horren gisa harrotuan kontatzean, Domacinskiren soldatapekoa den eleberriko protagonistak deskuidu txiki bat izango du. Ahopeko hitzak izan behar zutenak, behar baino ozenago aireratuko dira tokirik desegokienean. Bat-batean, izenik ez duen protagonista, garaiko burgesiaren (doktore, senatari, konferentziagile, ginekologo ...) hipokrisia eta autokonplazentziaren aurkako borrokan jardun beharrean izango da. Epaiketa, kartzela eta bukaerarik gabeko jazarpena ezagutuko ditu. Hala eta guztiz ere, duintasunaren izenean eta giza inozokeriari aurre eginez, atzera ez egitea deliberatuko du, datorrena datorrela.
Erritmo aldaketa
Irakurketa lasaia eskatzen duen lana da «Adimenaren mugetan». Lehenengo pertsonan idatzia, esaldi luzeak sarritan erabiltzen ditu autoreak, bere buruarekin bakarrizketan arituko balitz bezala. Horiekin batera, zerrenda luze amaigabeetara ere jotzen du Krlezak, agian giza inozokeriaren erakusgarri moduan, denetarik metatzeko eta zenbatzeko dugun ohitura aintzat hartuz. Dena dela, bada eleberri honetan erritmoa aldatzen duen une bat, epaiketan akusatuak hitza hartzen duenekoa, hain zuzen ere. Beste guztiak agerian uzten ditu bere jarioari ekiten dionean, goian daudenen egia eta behean daudenena ez dela berdina adieraziz.
Gaurkotasuna
«Trajez jantzitako astoen desfilea -buru eta isatsik gabe!- , horixe da egun gizateria. Buztina eltzegilearen tornuan nola, halaxe gabiltza denok bueltaka, izarpean, asto horien inguruan. Hizlari ustelak eta iruzurgileak, noranahi begiratuta ere, gerra eta izurritea ezker-eskuin!».
Nobela bikaina izateaz gain, gaurkotasun ikaragarria duela iruditzen zait. Irakurri ahala, egunotan bolo-bolo dabiltzan berriak datoz burura, eta, testuingurua desberdina izanik, istorioa bakarra dela ulertzen da, baina baita erabat unibertsala ere.