GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Usteak, eta gehiago, ustel!

Ba bai, gure hegoan den Estatu antzeko horretan usteak ez dira ustel dauden bakarrak. Ez horixe gero! Ez dakit den esaera zaharrak dioenez, «hamaika usteltzeko dira gero!» Politika ofizialaren esparru zabaletan ustelik ez dela pentsatzea ez da ustekeria makala. Hortaz, gozagarriagoa eta usaingarriagoa da txerritegi batetik urte sargoritsu batean ateratako minda-meta, oheko burkoaren ondoan izanda ere. Gainera, txerria bera baliagarria da, berak horrela ikusten ez badu ere. Ez, ez da erraza beti denok bat etortzea. Tira, harira! Ustelkeria! Entzuna dut egunotan, non edo non, Estatu horretako gobernuko alderdiari zirrikitua zabaldu zaiola flotazio-marran. Bai zera! Imajinatzen dut gobernuburu denaren interpretazioa: «Psst! haritxo batzuk baino ez dira zirrikitutik ateratzen diren horiek!» Badakizu, «Prestige» edo. Zuloari zirrikitu esatea ere! Baina kontuz! batzuetan, ez beti ostera, haritik tiraka hasi eta zer eta? mataza osoa ikusgai! Beste esaera zaharra gogoan, «hariari utzi eta brodatzen hasi!»

Hasiko ote dira jelkideak brodatzen? Derrepenteko jostun ote? Orratza eskuan hartuta iparra aurkituko ote? bilatuko ote? Ama, ama! zenbat ote dakartzan diskrezioak! Ez nuen ba esan lehengoan 2013ko honetan hamaika ikusteko izango ginela! Hara, zeinek eta jeltzaleek, zer eta fiskalitatea brodatu, nondik eta Bizkaitik hasita eraldatuko!

Zalantzan nago; zergen aldaketaz orain duten derrepenteko zirrara horren arrazoia zein da, euren esku duten aurrekontu publikoaren zuloak diru-sarrera berriez estali premiaz konturatu izana ala Kataluniako norabideak gurean izan dezakeen eragina lausotzea? Ee? Jainkoak berak baleki! Baina ezin, diskrezioagatik. Horko «marka» zabaltzera joan berri da bertoko Aldundia Madril aldera, Basque Country markak estali ez dezan. Badakizu, Basque Country hori Gipuzkoa ei da. Kapaz dira metropoli horretako jauntxoak herrialde-moneta noiz edo noiz ateratzekotan «bilbo» deitzeko, «eusko» horrek Gipuzkoako Basque Countryko usaina duelakoan. Ene, ene! lizen- tzia hartzen uzten badidazu zera esatera noa: batzuk faltsuagoak dira seiehun euskoko billetea baino. Euskalerria Irratiari ematen diot orain nire lizentzia hori. Besarkada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo