GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Gazte Eguna Ezpeletan

Ipar Euskal Herriko gazte dinamikak sendo eta baikor ekin dio bide berriari

Eguraldi deseroso eta petralari gaina hartuta, ilusioz eta gogotsu aritu ziren ezpeletan bildutako gazteak. Ipar Euskal Herriko gazte mugimendu berria sortzeko bidean, atzokoa lehen ekimen kolektiboa izan zen, beren arazoak identifikatu eta ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik horiei nola aurre egin aztertzeko ez ezik, elkar ezagutzeko baliatu zutena.

p018_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Euriak, txingorrak eta alimaleko haize ufadek ez zituzten kikildu Lapurdiko herrira heldu ziren dozenaka gazteak. Duela hilabete batzuk hasi ziren egun hori antolatzen, Euskal Herrian irekia den garai berrian Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gazteek ere zer esana eta zer egina dutela jabetuta. Are, beren errealitate eta arazoak aintzat hartu eta gertatzen ari den aldaketa politiko eta sozialean protagonista bilakatzea dute xede. Gai mamitsu horien hausnarketarekin hasi zuten eguna. «Biziki kontent gara, goizeko eztabaidetan esparru askotariko eta lurralde guztietatik jindako 120 bat gaztek parte hartu baitute», zioen Ana Unhassobizkaik, debateak «parte hartze handikoak» izan zirela nabarmenduz.

Euskararen egoerarekin kezkatuta daudenak, ikasketak beren hizkuntzan eta kanpora joan beharrik gabe egiteko aukera izan nahi dutenak, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen lurren eta etxebizitzen espekulazioa amaiarazi behar dela pentsatzen dutenak, folklorismo hutsaletik harago euskal kultura eta identitatea babestu eta mantendu nahi dutenak, euskal preso eta iheslarien egoera axola zaienak edota bake prozesuan euskal gazteriak ere bere ekarpena egin dezan parte hartzeko prest daudenak bildu ziren, arazo horiei guztiei nola aurre egin eztabaidatzeko.

Udazkenera arte

«Gaurko lehen gogoeta horietan gai anitz atera dira. Horietan sakonduko dugu datozen hilabeteetan. Definizio garai horrek udazken aldera arte iraungo du. Orduan adieraziko ditugu publikoki gure dinamikaren nondik norakoak eta erabaki ditugun lan-ardatzak», gaineratu zuen Unhassobizkaik.

Dinamika hori Segiren edo aurretik izandako beste erakundeen bilakaeratzat jotzen dute. «Dinamika berri hau ez da Segiren jarraipen bat. Bere garaian Segik bere balorazioa egin zuen eta tresna agortutzat jo zuen bere burua. Mugimendu hau ezkertiar eta abertzale sentitzen den gazteria zabal batek abiatu du. Oinarri horiek eta gazteen esparrua konpartitzen ditugun heinean, Segi, Gazteriak, Patxa edo Euskal Herrian ezagutu ditugun beste mugimendu batzuen bilakaera naturala da», adierazi zuen Koldo Etxegaraik.

Beren asmoak Hego Euskal Herrian une bertsuan gertatzen ari den ZukGua eztabaida prozesuarekin harremanik ba ote duen galdetuta, argi utzi zuten «nazio ikuspegia» mantentzen dutela, nahiz eta bi dinamikak  bereiziak diren. «Hasieran Hegoaldeko gazteekin elkartu ginen dinamika bakar bat edo bi desberdin zein zen egokiena gogoetatzeko. Lehen etapa batean, bederen, dinamika bereiziak izatea deliberatu dugu. Hegoaldean jadanik beren prozesua biziki antolatua eta aitzinatua zegoen eta zaila iruditzen zitzaigun hemen erritmo bera inposatzea, finean errealitateak ezberdinak baitira. Alta, argi dugu gure jarduna hemen kokatuko den arren, beti ere nazio ikuspegia atxikiko dugula. Beraz, lotura eta harreman sendoak izango ditugu Hegoaldean sortzen ari den dinamikarekin», argitu zuten.

Horrekin batera, bai Etxegaraik bai Unhassobizkaik nabarmendu nahi izan zuten, helburua, berez, ez dela egitura bat sortzea: «Gure helburu behinena gazteen problematikak identifikatuz erantzunak eta alternatibak ematen saiatzea da eta,  Euskal Herriko bizitza politikoan eragile izanez, gure herria eraikitzen joatea. Hori aurrera eramateko sortuko den egitura tresna bat, bitarteko bat, izanen da», gaineratu zuten biek ala biek bazkalosteko kantu saioan ziren kideekin elkartu aitzin.

Izan ere, eztabaidak eztabaida,  atzoko egunak beste jomuga garrantzitsua ere bazuen, «elkar ezagutzea, une on bat elkarrekin igarotzea eta guztion artean dinamika positibo bat sustatzea», alegia.

Eta elkarlanerako giro aproposa sortzeko eta eguna biribiltzeko, zein parada egokiagoa arratsean izan zituzten kontzertuak baino!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo