Atez atekoaren erabiltzaileek sistema defendatzen dute, «gezurren» aurrean
Atez ateko bilketa sistemaren erabiltzaileek agerraldi publikoa egin zuten atzo Hernanin, ereduari buruz zabaldutako mezu negatiboak gezurtatzeko. Bizitza erabat normala egiten segitzen dutela diote, beren herrietan hondakinak baliabide bihurtzen direla nabarmenduta.
GARA | HERNANI
«Atez ateko sistema ezagutzeko pribilegioa izan dugunok bizimodu erabat normala egiten segitzen dugu... diferentzia nabarmen batekin: gure herrietan hondakinek zabor izateari utzi, eta baliabide bihurtu dira». Horixe azaldu zuten atzo Hernanin, ekitaldi batean, Gipuzkoa Zero Zabor plataformak deituta, sistema hori duten herrietan bizi diren hamarka herritarrek.
Hernani bertako, Oiartzun, Usurbil eta Antzuolako herritar talde batek agerraldia egin zuen eguerdian. Beren hitzetan, «komunikabideetan eta politikari batzuen ahoetatik ateratako mezu ikaragarriak ez datoz errealitatearekin bat, eta horren aurrean ezin dugu isilik geratu».
Onartzen dutenez, «gutako asko ere ikaratu ginen ba omen zetorkigun kaos eta infernuarekin». Hala ere, behin sistema ezagututa, «gainerako herrietako biztanleei esan behar diegu atez atekoak hondakinen kudeaketan aldaketa handiak ekartzen dituela, bai, baina herritarron egunerokoan apenas ekartzen duen aldaketarik, eta ez du ahalegin berezirik eskatzen ere». «Atez atekoarekin gure bizitzak naturaltasunez eta normaltasunez segitzen duela adierazi behar dugu», nabarmendu zuten.
Sistemaren erabiltzaile zuzenek hainbat komunikabidek zabaldu duten irudi negatiboari buelta eman nahi diote. «Entzun eta irakurtzen ari garen gezur horiek lehendik ere entzunak ditu atez atekoa jarri den herrietako jendeak», baina praktikak iragarritako «kaosarekin» zerikusirik ez duela argitu nahi izan zuten iritzi publikoaren aurrean, mezuari aurpegiak jarriz herri agerraldi baten bidez.
«Atez atekoa sistema eraginkorra eta justua izateaz gain, sistema eroso, garbi eta merkea ere» badela defenditzen dute, eta ingurumenean eta osasunean dituen eraginak ere kontuan hartzekoak direla diote.
Horregatik, zaborrak nahasita biltzearen kontra azaltzen dira zaborrak eragiten dituen kalte larriengatik, eta, atez atekoaren bidea nagusituko balitz, «erraustegi eta zabortegi toxikorik gabeko Gipuzkoa edukitzea» lortuko litzatekeela baieztatzen dute.
«Gutako asko ere ikaratu ginen ba omen zetorkigun kaosarekin», onartu dute atez ateko sistemaren erabiltzaileek, eta duten esperientzian oinarrituta, sistema «eroso, garbia eta merkea» dela baieztatu dute.