GARA > Idatzia > Euskal Herria

Suprefetak sortutako ekaitzetan zutik, legeak ikastolak babes ditzan

Hiru mila lagun atera dira kalera Hendaian, Ipar Euskal Herriko ikastoletako haurrak adina, hangoak eta hemengoak, kolore guztietako alkateak, egoeraren larritasunaren maila edo neurria hartuta, hemen, ikastolak debekatzea euskara hiltzea dela ohartuta. «Ikastola herri eskola» egin dute garrasi tren geltokitik Herriko Etxera, eta suprefetaren debekuaren aitzinean, betetzen duten funtzio publikoa diru publikoarekin finantzatzen segituko dutela argi utzi dute.

p015_f01.jpg

Maider IANTZI | HENDAIA

«Ez ditugu aisialdi guneak eraikitzen! Ikastolak ditugu eraikitzen!» oihukatu zuen, tinko, Seaskako Paxkal Indok leporaino betetako Hendaiako Herriko Etxeko plazan. «Euskaraz hezkuntza osoki segurtatzen duen sare bakarra dugu eraikitzen!». Han bildutakoek -inguruko herrietako kolore guztietako auzapezak, Euskal Herri osoko herritarrak eta elkarteetako kideak eta alderdi abertzale guztiak- gogoz egiten zuten txalo. Eta animo beroz hartu zituzten Okzitaniatik etorritako Calandreta okzitanierazko eskolen ordezkariak, Seaska bezala, murgiltze ereduan ari direnak, batzuetan baldintza zailagoetan oraindik -Bretainian Diwan, Ipar Katalunian Bressola eta Alsazian Zweisprachigkeit-.

«Euskararen aldeko hizkuntz politikaren historiaurrea eraiki genuen bezala, Iparraldeko berreuskalduntze prozesua eraikitzen dugu! Euskal Herria euskararik gabe Euskal Herria ez delako», jarraitu zuen Indok. Euskara eta ikastolak Euskal Herriko geroa direla aldarrikatu zuen. Eta argi utzi euripean, elurpean, eta suprefetak sortu ekaitzetan zutituko direla mezu horren eramateko. Atzo bezala, haize hotz eta zakarrak pankarta bera ere eramaten zuen arratsalde petralean.

Hendaiako udal hautetsiek eusten zioten «Ikastola herri eskola» mezuari, alkatearen ondokoek zein oposiziokoek. Han ziren Battit Sallaberry auzapeza, Iker Elizalde abertzaleen ordezkaria eta Kotte Ezenarro PSko kidea, Pirinio Atlantikoetako lehendakariordea eta Hendaiako alkate ohia. Eta ondoan zituzten, zinegotziekin batera, David Grosclaude Okzitaniako hautetsia, Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko lehendakaria eta Sandra Daxari Hendaiako ikastolako lehendakaria. Gibelean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduko parlamentaria eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea zihoazen.

Mezu gehiago ere irakur zitezkeen, umore zipriztinekin batzuk: «Baionako suprefeta, kendu kasketa eta jarri euskararen boneta» idatzita zuten haur batzuek koloretako hizkiz. Bertze anitzek bihotz bat marraztua zuten «euskara» eta «ikastola» hitzen ondoan. Aitor eta Marian gurasoekin zegoen Ekain mutikoak adibidez. Hendaian bizi dira eta Pausuko egoitzan ikasten du Ekainek. «Diru-laguntza gutxi jasotzen ditugu, tokia falta dugu eta inplikazio asko eskatzen digu guri», azaldu zigun Aitorrek. Herri Urratsen lan eta lan aritzen dira eta maiatzaren 1ean saltzeko lili sortak ere prestatzen dituzte.

Kalitatea eskaini nahi

«Oso gustura nago ikastolak eskaintzen duen irakaskuntzarekin, eta haurrak ere pozik daude, ezta Ekain?» galdetu zion Marianek semeari. «Errekreoan bai!» bota zuen honek irria eraginez. Egoitza berri bat beharrezko jotzen dute, Peio Urriza Hendaiako ikastolako zuzendariak bezala. 1994an ikastola bat egin zuen Herriko Etxeak 90 umerentzat. «Urtez urte lokalak eta gelak gehitzen joan gara eta beti gelditu zaizkigu txiki. Pausuko eskola zaharrera joan ginen ikasle nagusienekin eta bete-betea da orain. Bi prefabrikatu ditugu han, bertze bat Hendaian», agertu zuen. Neguan hotzak dira eta udan, beroak. Pausun, handik hurbil den eskola publikoko jantokian jaten dute ikasleek. 250 ume dituzte eta kopurua etengabe doa goiti. Itxarote-zerrenda dute 2-3 urteko umeekin eta haurrak ezin hartu gelditu izan dira leku mugatua dutelako eta kalitatea eskaini nahi dietelako neska-mutikoei eta euskarari.

Ez dute, ordea, inor atean utzi nahi, pentsatzen dutelako ez dutela eskubiderik euskalduna izan nahi duen haur bat frantses elebakar izatera kondenatzeko.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak legeen babesa behar dutela nabarmendu zuen, joan-etorrian dabiltzan suprefeten erabakien arabera ez ibiltzeko. Erran zuenez, Hendaiako Udalari ikastola diru publikoz lagundu ezin duela ohartarazi dion Baionako suprefeta etorri bezala joanen da; ikastolak, ordea, lehendik zeuden eta bertan segituko dute euskararen alde. Hendaiakoa ez ezik, Iparraldeko 30 ikastolak ukitzen ditu suprefetaren doktrina berriak, 1850ko Falloux legea oinarri duenak.

«Badugu 20 urte arazorik gabe, eta orain berriz problemak. Gibelerat goaz?» galdetu zuen Battit Sallaberry Hendaiako auzapezak. «Azkenean, legea aldatu edo berritu beharko da. Gure gazteentzat, gurasoentzat, herriarentzat, behar da euskara salbatu. Ikastolak horretan ari dira. Borroka hori irabazten ari gara eta ez da gelditzeko unea».

Mobilizazioa ez zen Hendaian bukatu. Bihar Baionako suprefetarekin bilduko dira Seaskakoak eta elkarretaratzea eginen dute Suprefeturan. Administrazioak aterabiderik proposatzen ez badie, asteazkenean, 15.00etan, Baionako Euskaldunen plazan batuko dira guraso eta umeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo