BODYBOARD
Munduko bodyboard txapelketa kinka larrian
IBA itzuliko lehen txapelketa Pipelinen egiteko arazo larriak, babesle faltagatik.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Munduko bodyboard txapelketak antolatzen dituen erakundea da IBA eta, beraz, Grand Slam Series goi mailako itzuliaren arduradun nagusia da. IBA erakundeak txapelketak antolatu eta kudeatzen ditu, baina dirua babesleek jartzen dute. Babeslerik gabe ez dago dirurik, eta dirurik gabe ez dago txapelketarik.
Horixe bera gertatu da Grand Slam Series itzuliko lehen txapelketarekin; alegia, babesleek diru arazoak dituztela-eta, Pipelineko txapelketa ez babestea erabaki dutela.
Joan den astean IBAk igorritako adierazpen ofizialak honela zioen: «2013ko Pipe txapelketa bertan behera utzi beharrean aurkitzen gara. Babesleak aurkitzen saiatu gara azken hilabeteetan, enpresa desberdinekin elkarrizketa anitz izan ditugu, baina ez dugu babeslerik lortu».
Komunikatu honen ostean norbanako zein talde desberdinetako jendea dirua lortzeko mugitzen hasi zen. Zentzu horretan sekulako babesa jaso zuen IBAk, baina behar adina diru emango zuen babesle bat aurkitu gabe jarraitzen zuen.
Azkenean, joan den ostiralean, otsailaren 1ean, Pipelineko txapelketa egitea erabaki zuela jakinarazi zuen beste komunikatu batean. Jarraitzaile guztiei eskerrak ematen zizkien komunikatu hartan otsailaren 16an Pipelinen hasiko den munduko bodyboard txapelketa egiteko asmoa berresten zuten.