GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Urtebete itxarongo dut

Hollandek ez zuen horrelako balentriarik egingo inkestetan itota egon ez balitz. Eta bisitaldiaz esaten denak Serval Operazio osorako balio du: bere burua politikoki galzorian ikusten zuen lehendakariaren ateraldia da

Zorionak ematekotan nago. Bai, bai, Hollande jaunari. Malikoarengatik. Baina ez bere ingurukoek (eta ez horren ingurukoek: ikusi egin behar da zenbat eta zenbat «apuntatzen» diren esku-hartze militaristak bedeinkatzera garaipen itxura ikusten dioten bitartean! Herenegungo «Süddeutsche Zeitung», urrutirago joan gabe: «Askatzailea bisitari», argazki handiaren pean, lehen orrialdearen gorenean) zoriontzen duten horrengatik. Nahikoa eta gehiegi dira jada horrelakoak. Gainera, nik horretan ez diot onurarik aurreikusten, ezta opa ere. «Askapena» eta erretolika hori guztia faltsua delako errotik. Entzun besterik ez dago «askatu» berri diren horiek nola erregutzen duten «askatzaileen» atzetik etorriko diren «akabatzaileetatik» gorde ditzatela, joan diren beste akabatzaileak bezain txarrak edo okerragoak direla deritzotelako.

Hollande zoriontzeko dudan arrazoia, bakarra, hara joan izana da. Hogeita lau orduz besterik izan ez bada ere, bertaratu egin da. Milaka laguni bostekoa luzatu die, milaka argazki atera dizkiote, hamaika topiko jaulki ditu, hutsa deusezaren gainean... Baina joan egin da. Premiak egiten ditu gizonak, nonbait. Irudietan ikusten ditudan militar eta segurtasun arduradun frantsesak zurrun, gurbil batzuk, antzematen ditut; momentu batetik bestera jazo zitekeen anabasa usaintzen ariko balira bezala. Baina Hollande, bare, erlaxatuta, banlieuetako kanpaina ekitaldietan baino lasaiago. De Gaulle Aljerren etorri zait burura; garaiak, gizonak eta trantzeak hain ezberdinak diren arren.

Neure burutazioen nahaste-borrastearen ondorioa da, ziur. Azkenean, humanismoaren eta ez dakit beste zenbat ismoren izenean munduari, mutur batean ez denean, bestean, su eman eta gizakiak eltxoak bailiran akabatzeko jarduera hauetan urteak -zenbat? Hogeita bost? Non ipiniko dugu abiapuntua?- daramatzagunean, onartezinena horixe egiten ari baitzait: goreneko nagusien koldarkeria. Herrialde bat inbaditu eta ehunka mila lagun hilarazi ondoren haietara halako batean, klandestinoki, isilka, bidaia amaitu arte ezer iragartzen ez delarik joan behar izaten duten horiena, bai. Hurkoaren larruazala merkeegi eta beraiena garestiegi balioesten duten horiek... PlayStationean jokatzea eta afganiarrak akabatzearen arteko bereizkuntza egiteko gauza ez dena baino higuingarriagoak egin zaizkit, hortik pentsa.

Horrexegatik, ez beste ezergatik, egon naiz Hollanderi «Bejondeiala!» bat bidaltzekotan. Gainera, bueltaka nerabilen galdera bat argitu dit: Zergatik sartu haiz kaka-pila horretan? Banekien erantzuna ez zela kimu bakarrekoa, arrazoi sorta bat izango zuela, baina lehentasunezkoa zein izan ote den jakin nahi duen. Eta argitu dit, bisitaldi honekin. Hollandek ez baitzuen horrelako balentriarik egingo -ez zioten utziko, besteak beste- inkestetan itota egon ez balitz. Eta bisitaldiaz esaten denak Serval Operazio osorako balio du: bere burua politikoki galzorian ikusten zuen lehendakariaren ateraldia da.

Eta horregatik erabaki dut Hollande zoriondu baino lehen urtebete itxarotea. Ea hemendik urtebetera itzultzen den Tonbuktura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo