GARA > Idatzia > Kultura

San Telmo, 2013ko Europako museorik onenen artean

GARA | DONOSTIA

Donostiako San Telmo museoa 2013ko urteko Europar Museoaren Sarirako (EMYA) izendatu du Europako Museoen Foroak. Epaimahaiak duela gutxi egin zuen bilera bat jasotako iradokizun guztien artean izendatutakoen zerrenda osatzeko. Guztira Europar Kontseiluko 21 herrialdetako 28 galeria daude, horien artean San Telmo. Honen alboan mundu mailan ezagunak diren galeriak ageri dira, hala nola, Amsterdamgo Itsas Museo Nazionala, Ljubljanako Esloveniako Etnografia Museoa eta Edinburgon dagoen Eskoziako Museo Nazionala.

Tongereneko (Belgika) Gallo Romeins museoan -2011n garaile izan zena- maiatzean ospatuko den Europako Museoen Foroaren urteroko batzarrean jakinaraziko dute sari nagusi zein bestelako aipamenen irabazleak nortzuk diren. San Telmo museoko ordezkari bat izango da bertan. Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizunen baitan (maiatzaren 18an) egingo dute sari banaketa, «Museoak = gizarte aldaketa» izenburua izango duen ekitaldian.

EMYA saria bisitariak erakarri eta asebetetzea lortzen duen galeriari ematen zaio. Museoaren kalitate maila orokorra ebaluatzeaz gain, epaimahaiak hezkuntza eta gizarte erantzukizuna irudimenarekin lantzen duen ere aintzat hartzen dute garailea hautatzeko orduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo