GARA > Idatzia > Mundua

Europako ekialdea, homosexualen eskubideen aitorpenean atzeratuen

Sexu bereko bikoteek garaipen handia lortu dute Estatu frantsesean eta Britainia Handian beraien eskubideen defentsan. Alta, oraindik lan itzela dute kontra dituzten aurreiritziak ezabatzeko, batik bat, Europako ekialdeko lurraldeetan, non homofobia handia den.

GARA | LONDRES

Urte luzetan berdintasunaren alde egindako borrokari esker, homosexualek, esaterako, ezkontzeko eta adoptatzeko eskubideak aitortzen dituzten legeak onartzea lortu dute munduko hamar herrialdeetan gutxienez.

Joan den astean, Estatu frantsesean, Asanblea Nazionalak sexu berekoen arteko ezkontzari baiezkoa eman zion, eztabaida sutsua izan ondoren. Kalean ere aldekoek zein kontrakoek presio handia egin zuten.

Asteartean, Britainia Handiko Komunen Ganberak sexu bereko pertsonak ezkontzea onartzen duen lege proiektuaren alde bozkatu zuen. David Cameron lehen ministroak bultzatu arren, bere talde politikoko diputatu askok kontra bozkatu zuten. Cameronek neurriaren alde egin zuen «ez soilik berdintasunean sinesten» duelako, «ezkontzan sutsuki sinesten» duelako baizik. Egitasmoa lege bihurtzeko, Lorden Ganberak onartu beharko du proiektua. Urtea amaitu aurretik indarrean izatea da asmoa.

Bi garaipen horiek lortu arren, homofobia handia dago oraindik Europako zenbait herrialdetan, ekialdekoetan batez ere. Polonian, non erlijio katolikoak pisu handia duen -herritarren %90 katolikoak dira-, behe ganberak sexu berekoen ezkontzaren aurka bozkatu zuen.

Lege proposamena soilik 17 botorengatik ez zen aurrera atera. Robert Biedron diputatu homosexualaren hitzetan, datua positiboa da, zerbait aldatzen ari dela adierazten baitu.

Biedron elizaren kontrako Palikot mugimenduko kidea da, sexu berekoen lotura onartu arte behar adina proiektu aurkeztuko dituela plazaratu duena. «Berdintasunezko gizarte batean bizi gara eta, hortaz, bazterketarik gabeko gizartea nahi dugu. Ezin dut imajinatu ezkontza zibilak onartzen ez dituen Polonia bat», esan zuen.

Homo Homini institutuaren inkesta baten arabera, poloniarren %55 ezkontza zibilen alde daude, baina %69 ezkontza homosexualen kontra daude eta %84k ez dute begi onez ikusten bikote homosexualek umeak adoptatu ahal izatea.

Eslovakian, Legebiltzarrak ezkontza zibilak aurreikusten zituen lege proiektua atzera bota zuen. Robert Fico lehen ministroak homosexualen arteko ezkontzaren kontra ez dagoela adierazi arren, argi utzi zuen gaia ez dagoela Gobernuaren agendan. Lituania, Letonia eta Estonian ere ez dute ezkontzeko edo adoptatzeko eskubiderik.

Errusian, gay mugimendua arazoak izaten ari da manifestazioak eta gisako ekintzak egiteko. 1993ra arte, homosexualitatea delitua zen eta 1999ra arte gaixotasuntzat jotzen zuten.

adopzioa

Aurrerantzean, Estatu frantseseko eta Britainia Handiko bikoteek Errusian umeak adoptatzeko aukera gutxiago izango dituztela ohartarazi zuen atzo Konstantin Dolgovek, Atzerri Ministerioaren Giza Eskubideen saileko arduradunak. «Ezkontza gizon eta emakume baten artekoa da, ez dago besterik guretzat», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo