GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Idazlearen ahotsa (I)

Armen jabetza eta erabilera dela-eta eztabaida handia dago Ameriketako Estatu Batuetan egun hauetan. Haren aldekoek diote eskubide konstituzionala dela norberaren burua defendatzeko baliabideak eskura izatea. Halakoetan konstituzioak izaera metafisikoa balu bezala aipatzen dute -gizakion ahalmenetik harantzago dago konstituzioan jasota dagoena zalantzan jartzea edota aldatzea-, ohartu gabe konstituzio oro dokumentu bat besterik ez dela, garai eta pertsonaia jakin batzuei lotua. AEBetako konstituzioaren «aitei» zentzuzkoa iruditu zitzaien armen jabetza eta erabilera eskubide bihurtzea une hartan «muga» diskurtsoaren barruan (frontier discourse ingelesez) bizi zirelako. Hots, gaur egun AEBak osatzen dituzten lurralde guztiak ez zeuden erabat kolonoen menpe, alegia, mugak ezartzeko zeuden oraindik eta horrek esan nahi zuen kolonoek «beren» eremua babestu behar zutela. Gaur egun, baina, zalantzarik ez dago «aita» haiek lan «bikaina» egin zutela lurraldearen egituraketan, indigenak erreserbetan sartu eta bestelako disidentzia mugimenduak sistema ekonomiko, politiko eta sozialaren bidez isilarazi zituzten. Horretaz jakitun da armen erabilera eta jabetza arautu nahi duen taldea, eta armen ondorioz hil den jende kopurua (haietako asko gazteak) aipatu ohi dute babeserako tresna baino gehiago armak hiltzeko tresna direla azaltzeko. Azken talde horri sostengu emateko, duela egun batzuk Stephen King idazleak artikulu bat argitaratu zuen AEBetako egunkari batean. Testuak hautsak harrotu ditu armen erabilera eta jabetzaren aldekoen artean, edukiagatik baino gehiago egilearen profilagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo