EH Bai mugimenduan bat egitea onetsi dute EAk, ABk eta ezker abertzaleak
Hauteskundeetarako koalizio izatetik, Ipar Euskal Herriko ezkertiar eta abertzale guztien erreferente politikoa izatera pasa zen atzo Euskal Herria Bai. Ezker abertzalea, Abertzaleen Batasuna, EA eta independenteak batuko dira bertan. Atzo, hiru alderdiek ofizialki izenpetu zuten mugimendu berriaren ondoko urteetako ildoa finkatzen duen engaiamendua. Hego Euskal Herrian Euskal Herria Bildu den bezala, Iparraldean EH Bai izango dela esan zuten.
Ainize BUTRON |
Historikotzat eman zuen atzo Peio Etxeberri-Aintxart AB Abertzaleen Batasunako ordezkariak Baionan egin zen Euskal Herria Bai mugimendu berriaren aurkezpena.
Azken urteotan, Ipar Euskal Herriko alderdi ezkertiar eta abertzaleen arteko zatiketak gainditu, eta EH Bai-ren baitan bat eginez, etorkizunerako «alternatiba sendo eta iraunkor» bat sortzeko asmoa zabaldu zuten, izan ere, Abertzaleen Batasunako, ezker abertzaleko eta EAko ordezkariek.
Hiru alderdietako kideez eta ezkertiar eta abertzaleak diren independenteez inguraturik, Anita Lopepek (ezker abertzalea), Peio Etxeberri-Aintxartek (AB) eta Philippe Dulucek (EA), «Euskal Herria Bai, Iparraldeko ezkertiar eta abertzale guztien erreferente politikoa» izenburua daukan engaiamendua publikoki eta ofizialki izenpetu zuten.
2012ko apirilean Euskal Herriko bost talde politikook -ezker abertzalea, AB, EA, Aralar eta Alternatiba- Ficoban izenpeturiko akordio estrategiko nazionalak eman zion abiapuntua mugimendu berriaren sorrerari.
Estrategia nazionalak Ipar Euskal Herrian, berezitasun soziopolitikoengatik, bere deklinabide zehatza behar zuela ikusirik, ABk, ezker abertzaleak eta EAk akordio estrategikoaren deklinazioa onetsi zuten 2012ko udazkenean egin zituzten biltzar nagusietan. Horiek horrela, Hego Euskal Herrian, Euskal Herria Bildu ezkertiar eta abertzaleen erreferentea den bezala, Ipar Euskal Herrian, horren deklinabidea, Euskal Herria Bai izango da, «gune politiko komun gisa» egituratuz.
Lehentasunak finkatuak
Horren harira, atzo publiko egin zuten engaiamenduan ondoko urteei begirako hainbat lehentasun finkatu zituzten: Euskal Herriaren onarpena nazio gisa, gatazkaren konponbidea, Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzional eta linguistikoa, denentzat bizi eta lan baldintza duinak bermatuko dituen sistema sozioekonomiko zuzena, berdintasunean oinarriturikoa eta ekologikoki jasangarria.
EH Bai ildo horien inguruan lan egiteko tresna izango dela baieztatu zuten, eta «eguneroko gaietatik mota guztietako hauteskundeetaraino», arlo politiko guztietan Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaletasunaren erreferentea bilakatuko dela.
Horrenbestez, alderdi politiko bakoitzak bere nortasun eta helburuak, baita antolakuntza eta adierazpen autonomia ere atxiki arren, atzo «lan komunari lehentasuna» ematera engaiatu ziren talde politikook.
Atzo izenpeturiko testuak ondoko urteei begirako xede argi bat finkatzen du: «Iparraldeko hirugarren indar politikoa den eta bihar beharrezko aldaketarako giltzak ukanen dituen» EH Bai mugimenduan indarrak bilduz Euskal Herriaren «eraikuntza nazional eta soziala aitzinatu eta tresna bat azkartu» nahi dute. «Oraindanik EH Bai deitzen ahal gaituzue» esanez bukatu zuen Peio Etxeberri-Aintxartek aurkezpena.
Peio Etxeberri-Aintxartek atzoko ekimenarekin «salto organizatibo» bat eman dutela esan zuen. Hegoaldearekin «eskuz esku lanean» arituko direla, eta egungo alderdietako kide ez diren ezkertiar eta abertzale guztiak bildu nahi dituztela nabarmendu zuen.
Atzoko agerraldian hiru indarretako ordezkariek parte hartu zuten. Horien artean, Felipe Bidart batetik, Aurore Martin, Xabi Larralde, Laurence Hardouin, eta EAren izenean, Argitxu Noblia egon ziren.