GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Unai Brea 2013/2/8 ARGIA

Frackinga debekatzea eta frackinga debekatzea ez dira gauza bera

Azken egunotan titular saltsa ederra dabil hedabideetan frackinga dela eta, behar bezain adi ez dagoena nahasteko modukoa. Albistegi, egunkari eta bestelako informazio emaileek diotenari azaletik baino erreparatzen ez dionak pentsa lezake Eusko Legebiltzarra aldi berean dagoela frackingaz eztabaidatzearen alde eta kontra. Esan gabe doa hori ezinezkoa dela (...).

Legebiltzarreko Mahaiak ez du onartu Fracking Ez Arabak aurkeztutako herri ekimen legegilea. Ekimen horren helburua da EAE osoan frackinga eta, oro har, hidrokarburo ez-konbentzionalen ustiaketa debekatuko duen legea egitea. Baina Legebiltzarreko Mahaiak sinadura bilketa prozesua hasteko aukerarik ere ez dio eman haustura hidraulikoaren aurkako plataformari.

Legediaren arabera, herri ekimenez aurkeztutako proposamenak ez dira onartuak izango hainbat baldintzatan. Horietako bat da proposamena aurkezteko unean Legebiltzarra gai berari buruzko beste lege proiektu edo proposamen bat tramitatzen aritzea. Kasu honetan horixe gertatzen dela iritzita, Fracking Ez Arabaren herri ekimena ez onartzea bozkatu erabaki zuen, joan den asteartean, Legebiltzarreko mahaiak, EAJ, PP eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk onartzearen alde bozkatu zuen.

Tramitatzen ari den eta gai bera duen beste lege proposamen hori Arabako Batzar Nagusietatik iritsi da Eusko Legebiltzarrera. Haren helburua ere frackinga debekatzea da, baina babestutako inguruneetan, ez erkidegoaren lurralde osoan. Zehazki, Legebiltzarrak -kasu honetan Legebiltzar osoak, ez mahaiak- atzo erabaki behar zuen proposamen hori aintzat hartu edo ez. Eta aintzat hartu zuten (...).

Legebiltzarra gai izan da aste berean frackinga debekatzearen gaineko eztabaidari atea ixteko, eta justu kontrakoa egiteko. Baina debekuak eta debekuak daude. Fracking Ez Araba plataformako kideek argi daukate euren proposamena eta Arabako Batzar Nagusiena ez direla gauza bera, eta horregatik, errekurtsoa jarriko dute Mahaiak beren ekimena atzera botatzeko erabakiaren aurka. Partidua hasi besterik ez da egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo