GARA > Idatzia > Kultura

LITERATURA

«Gozada bat da idazleak bere mundua zabaldu eta askatasun osoa ematea»

p052_f01_148x116.jpg

EIDER EIBAR
Ilustratzailea

Zornotzan jaio zen 1980an baina Bilbon bizi da aspalditik. Arte Eder eta Animazio ikasketak ditu eta Dirudi elkartean egiten du lan Larraitz Zuazorekin batera. Haurrentzako liburu mordoa ilustratu ditu: «Egizu lo» (Elkar), «Anekdotak» (Pamiela), «Mila magnolia lore» (Gero), «Gure etxea» (Erein)...

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Donostiako Aieteko kultur etxeak «Ilustratzailearen txokoa» ekimena abiatu zuen iazko urrian Iban Barrenetxearen lanekin. Orain Eider Eibarrek hartu dio lekukoa maiatzaren 12ra bitartean eta Elena Odriozolaren txanda izango da gero. Bizkaitarrak, ilustratuta dituen hainbat liburuz gain, irudi originalak eta inspiratzen duten hainbat objektu jarri ditu armairu formako erakusleihoan. «Nik jositako olagarro txiki batzuk jarri ditut, gustatzen zait telak eta koloreak konbinatzen jolastea. Baita eskuz egindako egurrezko puzzle batzuk ere, nire nebak egiten dizkit piezak, moztu eta lixatu, eta nik koloreztatu egiten ditut, animaliatxoak dira», dio.

Ilustratzaileen lana aitortzea du helburu Donostian jarritako Ilustratzaileen Txokoak. Ez dago behar bezala baloratuta?

Iruditzen zait ez dela agian hain ezaguna, ez daukala idazleek izan dezaketen ikusgarritasuna edo ez zaiola ematen pareko garrantzia.

Ilustrazioa ere literatura da?

Literaturako objektu diren liburuen parte dira ilustrazioak. Parte hartzen du, baina ilustrazioa bere horretan mundu bat da, eta nire ustez, artearen esparru bat da. Esan behar dut kristoren ilustratzaileak dauzkagula, ibilbide eta izen handikoak eta oso langileak. Gainera, orain dela gutxi Euskadi sarietan ere tarte bat egitea erabaki dute. Begira zenbat denbora daramaten Haur Literaturako idazleak saritzen eta ilustrazioak ez zeukan atal berezirik. Asun Balzolari eman zioten aipamen bereziren bat, baina orain dela hiru urtera arte ez da egon.

Kazetariok argazkilariekin izan ohi ditugu «ika-mikak». Zer moduzko harremana idazleekin?

Ona. Kasu gehienetan idazlea izaten da liburua idazten duena eta gero bilatzen du ilustratzailea. Orduan, ipuin hori ilustratzera zoaz, abiapuntua idazlea izaten da. Beti egongo dira kasuak ez duzuena elkar ulertuko, baina bakoitzak bere lana egiten du, eta askotan elkarlana. Nik behintzat izan ditudan esperientziak oso onak izan dira.

Baduzu zuk abiatutako proiekturik?

Nik ez. Gertatu izan zait nik marrazki batzuk planteatzea, eta horren arabera testuan aldaketak egitea. Eta idazleak eskertzen dizu egoera hori eman izana. Baina badaude kasuak ilustratzaileak istorio bat duena kontatzeko eta berak erabakitzen du testua eta marrazkiak berak egitea edo marrazkiak bakarrik. Ez da nire helburua. Niretzat gozada bat izaten da testua iristen denean, idazleak bere ateak zabaltzen dizkizu, bere mundua kontatzen dizu, eta gainera, askatasuna ematen dizu zuk nahi duzun bezala interpretatzeko. Hori plazer bat da, ohore bat. Oso ondo pasatzen dut horretan eta ez dut momentuz beharra sentitu ipuin bat nik neuk egiteko.

Idazleekin ondo... eta inprimatzaileekin? Disgusturik izan duzu lana paperean ikustean?

Hori mundu bat da. Makinak sartzen dira hor jokoan. Pentsatzen dugu beti dena ondo egiten dutela, baina ez da horrela. Batzuetan koloreak ez dira norberak nahi duen bezala ateratzen, ezta inprentako arduradunak nahi moduan ere. Gorabeherak uste dut denok bizi izan ditugula, baina ia beti konpontzen da. Hala ere, gauza bat da originala eta beste bat da liburua. Saiatzea original bat berdin-berdin gelditzea liburu batean oso zaila da, formatua bera ere aldatzen delako. 30x40ko lamina bat liburu batean ikusten duzu tamaina txikiagoan, testuarekin ondoan... Beste lengoaia bat da.

Zuk ilustratutako liburuak beti haurrei zuzendutakoak izan dira. Zergatik lotzen ditugu liburu ilustratuak haurrekin?

Haurren liburu guztiek ilustrazioak dauzkatelako eta adinean gora egiten den heinean, ez dakit argitaletxeen erabakia den edo zein arrazoi egongo den hor atzean, baina marrazki kopurua gutxitu egiten da. Nik nire bidea eginez egin dut, eskatu didatenaren arabera, eta inork ez dit eskatu helduentzako liburu bat ilustratzeko momentuz. Baina badago mundu paralelo bat, komikiak eta album ilustratuak helduentzako dira, argazkiak. Egon badago eta indarra hartzen ari da. Jendea ari da konturatzen marrazkia ez dela umeentzat bakarrik. Suposatzen dut jendeak liburu horiek gero eta gehiago eskatzen dituen heinean, argitaletxeek ere gehiago eskatuko dutela gure presentzia liburu horietan.

Zein teknika erabiltzen dituzu?

Batez ere eskuzko lanetan akuarela, arkatza, errotulagailuak, bic beltza erabiltzen dut asko, eta akrilikoak pintzelekin. Batzuetan ordenagailua ere sartzen dut lanaren arabera. Kolore planoagoak eta biziagoak behar ditudanean. Ordenagailua erreminta moduan erabiltzen dut. Apurka-apurka ikasi dut teknologia berri horiek erabiltzen eta orain badakit horiekin nik zer eman ahal dudan. Lanaren ezaugarrien arabera, testuak eskatzen didanaren arabera, erabakitzen dut teknika bat edo bestea erabiltzea.

Animazio ikasketak ere badituzu. Aritzen zara horretan?

Larraitz Zuazo eta biok, Dirudi enpresan lau atal ditugu: diseinua, animazioa, ilustrazioa eta horma pintura. Animazioaren atalean, bideoetan marrazkitxoak sartzen ditugu, irudiak errealarekin nahastuta.

Horma irudiak?

Mordoxka egin ditugu, udal liburutegietan, ikastoletan, ludotekan, liburu-dendetan... Askotan nire ibilbidea ikusita, lotzen dute umeentzako tokiekin, eta orduan, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoarekin eta aprobetxatuta umeentzako marrazkiak egiten ditudala, egiten ditugu horrelako marrazki erraldoiak, gauza horiek elkartzen, irakurketa, liburuak eta haurrak, marrazkiari presentzia emanez espazio horietan. Datorren astean Durangoko udal liburutegian egingo dugu bat.

 
HELDUENTZAT

«Suposatzen dut jendeak helduentzako liburu ilustratu gehiago eskatzen dituen heinean, argitaletxeek ere gehiago eskatuko dutela gure presentzia liburu horietan»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo