GARA > Idatzia > Kultura

Arrosa sareko irratiek elkarlana sustatzeko jardunaldiak egingo dituzte Zarautzen

p050_f02_91x68.jpg

A. ARRUTI | ZARAUTZ

Euskal Herriko 22 irrati biltzen dituen Arrosa sareak «Euskal Herrian bada zer entzun» jardunaldiak egingo ditu bigarrenez martxoaren 2an. Iaz Bergaran izan ziren eta aurten Zarauzko Putzuzulo gaztetxean jorratuko dira. Jardunaldiok irekiak izango dira eta «elkarlanean jarduteak eskaintzen dituen aukeretan sakontzen jarraitzea» dute helburu.

Izan ere, Arrosa sarea duela hamar urte pasatxo sortu zen, irrati bakoitzaren proiektu komunikatiboa mantentzeaz gain, elkarlanaren bidez euskara bultzatu eta sustatu asmoz. Euskarazko irratsaioen elkartrukea da egun Arrosaren funtziorik garrantzitsuena eta irratigintzan, batak bestearengatik ikastea.

Ikasi eta trukatu

Helburu horietan sakontzeko asmoa dute martxoaren 2ko jardunaldi hauek. Ekintzak goizeko 10.00etan hasiko dira tailer ezberdinekin: erredakzio tailerra, nola sortu irrati bat zerotik, zuzeneko emisioa kaletik, estudioko mahaiaren erabilera, uhinetatik sarera, albisteen tratamendua eta hizkuntza sexista, software libreak irratigintzan, automatizazio programak, audio editatzea, ahozkotasuna irratigintzan...

Guztientzat bazkaria eskainiko du ondoren Putzuzuloko jantoki beganoak eta 17.00etan mahai-inguru irekia izango da «Arrosa sarea. Atzo, gaur eta bihar» izenburupean. «Gure asmoa, sarean lan egiteak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta etorkizunera begira urratu beharreko bidea zehaztea izango da», azaldu zuen Antxeta irratiko Aitziber Zapirainek. Jardunaldiei bukaera emateko, kontzertuak izango dira Putzuzulon bertan.

Edonork har dezake parte jardunaldi hauetan. Izena emateko arrosa.sarea@gmail.com helbidera idatzi beharko da eta informazio gehiago nahi izatera, www.arrosasarea.org atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo