Fukushimako ehunka herritarren Gobernuaren aurkako demanda
Japoniako Gobernuaren eta TEPCO konpainiaren aurkako demanda kolektiboa aurkeztuko dute 350 herritarrek martxoaren 11n, 2011n Fukushimako zentral nuklearra suntsitu zuten lurrikara eta tsunamiaren ondorengo krisian axolagabekeriaz aritu zirelakoan.Jose Angel ORIA
Datorren martxoaren 11n aurkeztuko dute Gobernuaren eta TEPCO konpainiaren aurkako demanda, egun horretan bi urte beteko baitira hondamendia gertatu zenetik.
18.000 hildako eragiteaz gain, eremu zabala hustu egin behar izan zuten, erradiazioa dela-eta. 320.000 lagunek beren etxeak utzi beharra izan zuten: 16.000 inguruk senideen eta ezagunen etxeetan bizitzeko, eta gainerakoek propio eraikitako behin-behineko lekuetan egoteko.
Jiji Press agentziak jakinarazi duenez, geroztik Gobernuaren aurka prestatutako lehen demanda da 350 pertsona horiek aurkeztuko dutena. Auzi-jartzaileek 400 euroko hileroko laguntza exijitzen dute, agintarien eta konpainiakoen axolagabekeriak eragindako kalteen ordainetan. Kopuru hori Fukushima, Miyagi, Yamagata, Tochigi eta Ibaraki herrietako erradiazioa garbitu arte jaso beharko lukete, demandatzaileen arabera.
Shinzo Abe lehen ministroak Iwate eta Miyagi bisitatu zituen atzo. Kargua abenduaren 26an hartu zuenetik hirugarren bisita du atzokoa. Rikuzentakatan lore eskaintza egin zien herri horretan izan ziren 2.000 inguru hildakoei. «Behar diren ahalegin guztiak egingo ditugu berreraikuntzarako eta susperraldi ekonomikoa lortzeko, zuen bizitzak lehenbailehen berreskuratu ditzazuen», esan zien kaltetuei.
Lehen ministroak bisita horiek erabiltzen ditu Gobernua hondamendiaren inguruko lanetan mantsoegi dabilela dioten salaketei aurre egiteko.
Agintarien irudia berriz kaltetu du «yakuzen eskandaluak», Fukushimaren berreraikuntzara bideratutako milioika euro hanpak eskuratu dituela salatu baita. Poliziak Yoshinori Arai atxilotu zuen urtarrilaren 31n, Sumiyoshi-kai izeneko talde mafiosoko kidea. Ikertzaileen arabera, Araik langile ugari eraman zituen Dateko kutsadura garbitzera, baina gero agindutakoaren erdia baino ez zien ordaindu. Gainerako dirua hanparentzat izan zen. Philippe Mesmerrek «Le Monde» egunkarian idatzi duenez, Fukushima garbitzeko lanak «behar-beharrezkoak ziren Japoniako hanparentzat, Poliziak beraien aurkako jarduera gogortu egin baitu azken boladan». Iazko maiatzean Makoto Owada Sumiyoshi-kaiko burua atxilotu zuten.
Iaz «Tageszeitung» Berlingo egunkari ekologistak idatzi zuenez, «Japoniako 50 zentral nuklearrak eraikitzerik ez zen izango yakuzen laguntzarik gabe. Japoniako talde mafiosoek azken hamarkadotan eraikuntza enpresa handien eta langileen arteko bitartekari lanak egiten dituzte eta lan merkatua monopolizatuta dute. Ezin da ezer egin beraien argi berderik gabe».
Tomohiko Suzuki idazleak yakuzek industria nuklearrean duten zeregina deskribatu du liburu batean. Fukushima hondatu aurretik ere lan arriskutsuenak egiteko langileak lortzen zituztela dio.