GARA > Idatzia > Mundua

MILF gerrillaren kanpalekura joan da Filipinetako presidentea

Filipinetako presidente Benigno Aquinok Askapen Islamikorako Fronte Mairuaren kuartel nagusia bisitatu zuen atzo. «Ondratuta gaude presidentearen keinu honekin», nabarmendu zuen gerrillaren buruak, Murad Ebrahimek. Eskualdean gerrillarien osasun baldintzak hobetzeaz gain, hezkuntza bermatuko dien programa martxan ipiniko duela adierazi zuen Aquinok. Neurri horien helburua matxinatuen gizarteratzea erraztea dela gaineratu zuen.

p020_f01.jpg

GARA | MANILA

Askapen Islamikorako Fronte Mairuarekin (MILF) hasi zuen bake prozesuaren testuinguruan, Filipinetako presidenteak, Benigno Aquinok, gerrillaren kuartel nagusiari bisita egin zion atzo Darapanan deritzan kanpaleku «historikoan», Mindanao eskualdean, Filipinetako hegoaldean hain zuzen ere.

«Lur sakratu honek bataila asko ezagutu ditu. Ondratuta gaude presidentearen etorrerarekin eta honek zenbait proiektu sozio-ekonomiko pertsonalki bultzatzeagatik», adierazi zuen MILFeko buruzagi Murad Ebrahimek.

Aquinoren hitzetan, Gobernuak osasun eta hezkuntza arloetan martxan ipiniko dituen proiektuek gerrillarien osasun baldintzak hobetuko dituzte eta beraien gizarteratzea erraztuko dute. «Garai batean, gerrillariek oihaneko belarrak erabili behar zituzten gaixotasunak sendatzeko, baina gutxi barru osasun asegurua izango dute eta osasun etxe publikoetara joan ahal izango dira, eta medikuntzan lizentziadunak diren medikuek nahiz erizainek zainduko dituzte», nabarmendu zuen Aquinok.

«Garai batean ere, gerrillarien seme-alabek sufrimenduzko istorioak besterik ez zituzten ikasten madrasetan, baina laster bakearen onurak ikasiko dituzte», gaineratu zuen hainbat gobernukidez lagunduta.

Lehendakaritzako bozeramaileorde Abigail Valtek, esan zuenez, Sajahatra Bangsamoro izeneko programak Gobernuaren zintzotasuna adierazten du. «Independentziaren aldeko borrokan murgilduta zeudenean ez zituzten oinarrizko eskubide sozialak ematea da gure helburua. Gobernuak bake justua eta iraunkorra lortzeko borondate osoa du. Espero dugu programa hauek indarrean jarraitzea», berretsi zuen.

Filipinetako presidente batek Fronte Mairuaren kanpaleku nagusia bisitatu zuen azkeneko aldia 2000. urtean izan zen. Testuingurua oso bestelakoa zen. Orduan, Joseph Estrada estatuburua ez zen gerrillak gonbidatuta joan. Gobernua «kuartelik gabeko gerra» batean buru-belarri sartuta zegoen une hartan. Gerrillaren kanpaleku nagusia -Abubakar izenekoa garai hartan- Armadak airez eraso ondoren bisitatu zuen.

Iazko urrian, bi aldeek bakerako hitzarmen bat sinatu zuten 16 urtez negoziatzen aritu eta gero. Filipinetako hegoaldean autonomia izango duen eremu islamiko bat eratzea aurreikusten du aipaturiko akordioak, baita borroka armatua bertan behera uztea ere. Lurralde berria 2016an jaioko da Bangsamoro izenarekin. Gobernuak aberastasuna hobeto banatzeko konpromisoa hartu zuen.

Bi aldeek aurten sinatuko dute ofizialki bakea. Aquinok ez duela horretarako presarik jakinarazi zuen atzoko ekitaldian. Dena den, martxoa bukatu aurretik izan daitekeela aipatu zuen. «Nire ustez, oso-oso gertu gaude akordioaren atal guztiak sinatzetik. Baina, guztiek dakizuen bezala, ez dut gustuko eperik jartzea. Erabateko adostasuna lortu nahian gabiltza, eta horrek bere denbora behar du. Hala ere, martxoa bukatu baino lehen izan daitekeela uste dut», plazaratu zuen presidenteak.

«Beste batzuek huts egin zuten iraganean. Guk, ordea, akats hori ez errepikatzea erabaki dugu», nabarmendu zuen. Aquinok duela bi urte hasi zuen bere legegintzaldia.

Askapen Islamikorako Fronte Mairua 1970eko hamarkadan sortu zen Mindanao eskualdean Errepublika Musulman independente bat osatzeko helburuarekin. Mindanao Filipinetako lurralde osoaren herena da.

Gatazkak 150.000 hildako eragin ditu lau hamarkada hauetan, nahiz eta 2003az geroztik su-etena indarrean egon.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo