Mikel Ibarguren Idazlea
Herrigintza
Dena da hautu politikoa. Egiten duguna eta egiten ez duguna. Politikak guztiona eta guztiontzat behar luke izan. Herrigintza gauza serioegia da politikari ustelen esku uztekoDemokrazia Atenasen sortu zela ikasi genuen. Politika, berriz, etikaren jarraipen bat zela esan ziguten, norbanakoaren eta komunitatearen arteko harremanen kudeaketa zela; areago, ezberdintasunen eta aurkakotasunen arteko talkak dialektikoki konpontzeko tresna zela. Ikasi genuen berdintasunaren printzipioan oinarriturik, demokrazia deituriko sistema politikoa zela hoberena, ez perfektua, baina bai hoberena. Adierazpen- eta iritzi-askatasuna edota giza eskubideak botere banaketarekin batera, zituela zutabe. Demokrazia kontzeptua polisemikoa zela ere ikasi genuen. Demokrazia ulertzeko eredu bat baino gehiago zeudela. Tocquevillen eredu soziala edota Aronen elkarbizitzarena, esaterako. Baina beldur naiz ikasitakoa ez ote dugun zakarrontzira bota beharko.
Teknokrata ideologizatuek zein politikari oportunistek «demokrazia formala» deitzen duten hau Ali Babaren kobazulo bihurtu dute. Homo democraticus-ak bere neurrira egin du sistema hau eta bertako estolderietatik datorren kiratsa ikusita, okerrena ez da zer egiten duten, baizik eta gezurrak nola estaltzen dituzten ikustea. Horrela, diru parrasta baten jabe egitea akatsa da, gehienez ere irregulartasuna; baina ez delitua. «Pixa egin eta euria ari duela esaten digute», zioen ezin hobeto pankarta batek. Jada belarriak ohituak ditugu «izorra daitezela» eta antzekoetara. Hau da sistema honek duen prezioa. Dena da saldukeria eta iruzurra. Denak du prezioa, baliorik izan ez arren. Klase politikoak sinesgarritasuna galdu du, baina hori bai, kargu hartuz gero Gallardonen moduko homo democraticus-a azaltzen da beraiek ez daudela lezioak hartzeko esanez (nola ba?), emateko baizik.
Ustelkeria estrukturala da eta sistema politiko hau grafologo, gutun-azal zein epaileen esku dabil. Jendea nazkatua ikusten da, baina shock egoeran beti ere. Degradatze honen aurrean ez dakit nik iraultza demokratikoa ala demokraziaren iraultza beharko den, baina honi guztiari guk geuk ez badiogu irtenbiderik ematen, malo! Geure arteko mamu eta zatiketak inkubatzeari utzi beharra dago. Demokraziak duen etsairik txarrena kirastutako demokrazia bera delako. Gainera, demokraziak ez dauka alternatibarik, demokrazia gehia- go da dagoen alternatiba bakarra, herritarragoa eta sozialagoa baldin bada.
Gauzak argi daude okerragotzen uzteko. Jada ez da nahikoa haserretzea. Haserrea bideratzen hasteko garaia baizik. Ez da alderdien, sindikatuen edo eragile sozialen kontua bakarrik. Erantzunak herritarrona behar du izan. Herritarron res publica baitago jokoan. Gure geroa da.
Aristotelek abere politikoak garela zioen. Mundua ulertzeko moduan, gure jokabideetan zein sentitzeko unean egiten baitugu (zentzurik osoenean ulertuta) politika. Dena da hautu politikoa. Egiten duguna eta egiten ez duguna. Politikak guztiona eta guztiontzat behar luke izan. Politika lau urtean behin botoa ematea (edo ez) baino zerbait gehiago baita. Zenbat eta ustelago izan politika, orduan eta beharrezkoagoa da politika, politika herrigintza gisa ulertua.
Eta herrigintza gauza serioegia da politikari ustelen esku uzteko.
Hori ere ikasi nuen, bide batez esanda.