GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Kedar usaina

Aita Santuak erretirora ezkutatzeko asmoa iragarri du eta berriak azkar batean egin du salto egunkarietako azal eta albistegietako atarietara. Luze batzuentzat, niri motz egin zait haren aginte aldia. Oraindik ere oso gogoan daukat bere aurrekoaren heriotzak eragin zalaparta eta niri eta nire lankideei eman zigun lana. Loiolara egin zuen bisitaldia gogoratu genuen orduan egunkari honetako orrietan, eta, besteak beste, hark meza eman zezan santutegiko zuhaitzak moztu behar izan zituztela kontatu.

Aurreko Aita Santuaren heriotzaren nondik norakoak kontatzeak nahikoa endredo eta buruhauste sortuta, haren ondo- rengoaren izendapena ere ez zitzaigun samurra egin. Lau bozketa saio behar izan ziren aukeraketarako eta tximiniak ke zuria noiz botako egon ginen adi, Aita Santu izan zitezkeenen ezaugarriak behin eta berriz alderatzen. Gogoan daukat ez zegoela on-onik, txarrenen artean txarrena ez aukeratzea zela tximinia hari begira espero genuena. Itxaron eta itxaron, gogoan dut, halako batean ke zuria bota zuenean, ez geundela telebistari begira, kafe bat hartzera joanak ginela eta itzulitakoan larri hasi ginela ia gaitasunik ez genuen abizendun gizon honen ingurukoak ezagutu eta idazteko.

Alderdietako agintariak izendatzen direnean bezalaxe, Aita Santu berriaren ibilbidean eta egindako promesetan erreparatu genuen eta segidan konturatu, «ezezkoaren kardinal» izengoitia jasotzen zuen bekoki iluneko gizon honek ez zekarrela ezer berri eta onik. Orduz geroztik behin baino gehiagotan entzun dugu abortuaren eta sexu bereko bikoteen ezkontzaren kontrako mezuak botatzen edota hiesa saihesteko bitartekoak errezoa eta abstinentzia direla esaten; inolako erreparorik gabe esan zuen gainera gaixotasunak erabat zigortuak dituen herrialdeetara bisitan joandakoan. Eliza kristauarekin lotutako arazoak konponduko zituela ere esan zuen, baina jende asko kontentatu gabe alde egin du erretirora.

Dagoeneko hasia da berriz ere izenen dantza: halako, bestelako ala hurrengo. Otsailaren 28tik aurrera, seguru asko, berriz ere tximiniari begira jarriko dira asko, zuri ala beltz, ateratzen den hark, erremediorik gabe, herritarrek soilik aldatuko duten kedar usaina izango duela jabetu gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo