GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Zurrumurruak zurrumurru, Cadiz taldeko jokalariok hilero-hilero kobratzen dugu»

p040_f01-97x160.jpg

Oinatz Aulestia

Futbol atezaina

Oinatz Aulestia atezain ondarroarrak bere bigarren denboraldia beteko du aurten Cadizen. Eibar, Athletic eta Oviedo izan ditu, beste batzuen artean, Andaluzia aldera joan aurreko taldeak. Eskarmentua ere badu, eta maila ere bai. Ramon de Carranzako aldagelako nagusietako bat da, eta baita beteranoetako bat ere, iazko taldetik bera eta bi jokalari bakarrik geratzen baitira.

Jon LEUNDA

Urte zaila ari da izaten oinatz Aulestiarentzat. Cadiz taldearekin Bigarren A Mailara igotzeko borrokan ibiliko zela uste zuen, baina Hirugarren Mailara ez jaisteko lehian dabil. Berak ere gorabehera asko izan ditu, aulkian egotea ere partida dezentetan egokitu baitzaio.

Nola doa zure bigarren denboraldia Cadiz aldean?

Ez da ari izaten iaz bezain ederra, baina ni gustura nago. Gauzak hobetzen ere hasi dira, eta uste dut denboraldiko zatirik ederrena orain iritsiko dela.

Nolatan dabil aurten Cadiz taldea horren oker?

Guztia argitzea ez da batere erraza. Iazko udan taldeko nagusien artean aldaketa izan zen. Gero, iaz geunden jokalarietatik hiruk bakarrik jarraitu genuen, gainerako guztiak berriak dira. Hasieratik gauzak okertzen hasi ziren, eta horrekin entrenatzaile aldaketak ere etorri ziren, eta jaitsierako postuan sartu ginen. Egoera zaila izan da, baina azkeneko entrenatzailearekin gauzak aldatzen hasi dira. Uste dut taldeak hobekuntza nabarmena izan duela. Gainera, neguko merkatuan jokalari berriak ere etorri dira, eta uste dut taldeak orain gorantz egingo duela; hori da nahi duguna.

Hala ere, igoera fasea jokatzea ia ezinezkoa daukazue, ezta?

Bai, hori ere nahiko garbi daukagu. Une honetan jaitsierako postuetatik atera gara, eta hortik ihes egin behar dugu. Datozen bi hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira, eta horren ostean jakingo dugu denboraldiaren amaieran non ibiliko garen, baina une honetan ezin gara igoerako fasea jokatzearekin pentsatzen egon.

Zaleek zer diote?

Beraientzat ere oso urte gogorra ari da izaten. Iaz penaltietan galdu genuen Bigarren Mailara igotzeko txartela. Beraientzat, kolpe handia izan zen hori, eta aurten lortuko genuela uste zuten. Baina, denboraldia hasi eta taldea Hirugarren Mailako jaitsierako postuetan ikusten zuten. Ez da egoera samurra izan inorentzat, baina zaleak beti taldearekin egon dira, eta hori oso garrantzitsua izan da beti.

Cadizek diru arazo larriak dituela ere zabaldu da. Egia al da esaten den guztia?

Egia esan, hemen zurrumurru asko daude, gauza asko ari dira esaten, eta egia esan instituzioaren barruko gorabeheren inguruan nik eta gainerako jokalariok ez dakigu ezer. Guk dakiguna da jokalari guztiak egunean gaudela, guri ordaintzen digutela, eta hori oso garrantzitsua da. Gaur egun futbola dagoen bezala hilero kobratzeak, segurtasun handia ematen du. Beraz, taldeko emaitza txarren arrazoia ez da hori izan, lehen esan bezala, gauza asko batu dira, eta horren ondorioa izan da hasiera txarra. Bidea zuzentzen ari gara, eta ea horrela amaitzen dugun aurtengo denboraldia.

Lehen Oviedo, orain Cadiz, dagoeneko egoera okerretan ibiltzen ere ohituko zinen, ezta?

Horrelaxe izan dira gauzak. Bai Oviedo eta bai Cadiz bi talde handi dira, biak Lehen Mailan urte askoan ibilitakoak dira, eta ez orain urte asko, baina orain dauden lekuan daude. Oviedon urte zailak eta onak denetik izan ziren. Cadizen iaz oso urte polita izan zen, igotzetik oso gertu geratu ginen, baina azkenean penalti batek erabaki zuen dena. Aurtengoan, berriz, beste aldea ari naiz ikusten, baina denboraldia bukatzerako gauza guztiak bere onera etorriko diren itxaropen osoa daukat, eta berriro ere gozatzeko moduan izango garela pentsatzen dut.

Pertsonalki nola doa urtea?

Bueno, denetik egon da. Hasieran jokatzen hasi nintzen, baina gero entrenatzaile aldaketarekin, aulkira pasatu nintzen. Jokatu gabe partida batzuk pasatu nituen, eta jokalari batentzat ez da erraza ikustea entrenatzaileak ez zaituela kontuan hartzen. Azkeneko entrenatzailea etorri zenean, berriz, hasieratik jarri ninduen berriro ere, eta orain jokatzen ari naiz. Gainera, niregan konfiantza osoa dauka, eta entrenatzaileak zurekin horrelako konfiantza duela ikusteak, lasaitasun handia ematen du, baita segurtasuna ere.

Alavesera etorriko zinen zurrumurruak ere azaldu ziren abenduan. Egon al zen Alavesen eta zure artean zerbait?

Ez. Alaveseko atezainetako batek min hartu zuen, eta merkatua arakatzen hasi ziren. Une hartan ez nintzen Cadizen jokatzen ari eta Euskal Herrikoa nintzenez niregatik galdetu zioten nire ordezkariari, ez zen beste ezer egon. Gero, entrenatzaile aldaketa egon zen Cadizen, eta berriro ere jokatzen hasi nintzen, eta hortxe amaitu zen dena. Orain garbi daukat denboraldia non amaituko dudan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo