GARA > Idatzia > Kultura

Kalakanek eta Madonnak eginiko birari buruzko dokumentala abian da

Kalakan taldearen bideoklipa egin zuen Baxter & Rojos produktoreak egitasmo berri bat abiatu du Aldudarrak Bideorekin batera: talde euskaldunak Madonnarekin egin duen birari buruzko dokumentala prestatzen ari dira. Irudiak abuztuan grabatu zituzten Niza aldean.

p048_f01_148x136.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Kalakan taldeak Madonnarekin batera eginiko birari buruzko dokumentalaren egitasmoaren atzean Iban Rusiñol, Nicolas Novion eta Remi Riviere daude. Ipar Euskal Herriko taldeak MDNA mundu biran parte hartuko zuela jakin zutenean, horren atzean dagoen abenturaren berri ematea bururatu zitzaiela azaldu digu Rusiñolek: «Horren berri izan genuenean giza abentura hori norbaitek kontatu behar zuela pentsatu genuen».

Egileek biraren eta bastidoreen atzeko kontuak baino gehiago agertuko dute dokumentalean. «Grabaketa egiten ari ginen bitartean galdera asko etorri zitzaizkigun burura, kultura txiki batek masa kulturan hartzen duen tokiari buruz. Gogoeta hori garatu dugu, eta horregatik hainbat paralelotasun egin nahi izan ditugu Berri Txarrak eta Jon Mayarekin», dio Rusiñolek.

Baimenak izatea ez zela erraza izan nabarmendu zuen Novionek: «Hiru hilabetez Madonnaren managerrarekin lan egin genuen, akreditazioak eta filmaketa baimenak izateko, baina bezperan ere ez genekien zer grabatzeko eskubidea izanen genuen». Dirudienez baimenak Baxter & Rojos produktoreak lehenagotik Kalakanekin lan egiten zuelako izan zituzten.

Filmaketa

Grabaketa astea abuztuaren 16tik eta 22ra artekoa izan zen, munduko bira Zurich eta Niza artean ibili zen egunetan. «Inguru honetan zeuden azken datak ziren eta momentuan egin behar zen. Abentura gisa joan gara, ez genekien benetan nora joaten ginen», adierazi du Nicolas Novionek.

«Han ginenean konturatu ginen Kalakanek toki handia duela ikusgarrian, eta birako kuttunak direla», gaineratu du Remi Rivierek. Aldi berean, oso giro estatubatuarra zela ere esan du, eta road movie baten itxura zuela ere etorri zitzaion gogora.

Grabaketa lanak egun gutxi batzuk iraun bazuen ere oso intentsua izan zela nabarmendu du Rusiñolek: «Almendrez eta cognacaz elikatzen ginen, ezin genuen besteek jaten zuten orduan jan filmatzen ari ginelako, denbora guztia filmatzen ari ginen. Gauetan hiruretan erortzen ginen ohe gainean eta goizeko seietan berriz altxatzen ginen». Novionek honakoa erantsi du: «Kalakaneko kideekin egoten ginen aldiro azaltzen ziguten zer grabatzen ahal genuen eta zer ez».

Grabaketaren parte handi bat egina baldin badute ere, autoreek oraindik aurre-produkzio atalean daudela diote; izan ere, Baxter & Rojos eta Aldudarrak Bideoren arteko koprodukzio bat da, baina oraindik beste kolaboratzaile batzuk bilatzen ari dira. «Hasieratik hasi gara berriz, birprodukzioa deitzen den hori egiten ari gara. Banatzaileak, telebista kateak eta finantziazioa bilatzen ari gara orain», azaldu du Rusiñolek.

Jon Mayaren eta Berri Txarrak-en iritziak agertzen dira filmean

Euskal kulturaren eta Madonnak ordezkatzen duen mundu mailako pop kulturaren arteko ezkontzari buruz mintzatzeko eskatu diete euskal artistei.

Kukai taldeko buru den Jon Mayak honela baloratu zuen Kalakanen lana: «Benetan ondo ikusi dut, beraien lana ezagun eta atsegin nuen, eta ikuskizun horretan leku propioa dute, egokitu dira, baina beren tokia mantenduz».

Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk honakoa esan zuen: «Pentsatzen dut eurentzako sekulako esperientzia izan dela, eta poztekoa da; hortik aurrera, arriskutsua da euskal kulturaren zabalkundearen inguruko ondorio errazak ateratzea». I. E.

«SAGARRA JO»

Madonnak «Sagarra jo» kantatzen eta dantzatzen duenean euskal kulturak mundu mailako masa kulturarekin bat egiten duela ikusita, horren inguruan sortzen den dinamikari buruz gogoetatu dute errealizadoreek.

HIZKUNTZAK

MDNA biran parte hartzen duten langile mota guztiak elkarrizketatu dituzte, teknikariak, dantzariak... Jatorri oso ezberdinetako jendeak hartzen du parte, hizkuntza guztiak daude nahasiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo