GARA > Idatzia > Kultura

«Madame Bovary» eta «Gure garaiko heroia» euskaratuta

GARA | DONOSTIA

Urrezko Biblioteka sailean literatura unibertsaleko beste bi titulu argitaratu ditu Elkar argitaletxeak. Gustave Flauberten «Madame Bovary» euskaratu du Patxi Apalategik eta Mikhail Jurievitx Lermontoven «Gure garaiko heroia» Jose Morales Beldak. Zazpigarren eta zortzigarren argitalpenak dira, hurrenez hurren.

«Madame Bovary» maitasunezko eleberri klasikotzat hartu izan da. Charles Bovary medikuaren emazteak maitale bat aurkituko du ezkonbizitza aspergarritik ihesi. Amoranteak utzi eta zorrak itota aurkituko da, ordea, eta artsenikoa erabiliz pozoituko du bere burua.

Gustave Flauvert idazlearen (Rouen, 1821-Croisset, 1880) obra literatura errealistaren abiapuntutzat jotzen da. Nobela honek garaiko Frantziako landa eta hiri txikietako bizimodua erakusten du, baita burgesiaren erretratua ere, bere hipokrisia eta itxurakeria agerian utziz.

Nobela psikologikoa

Jose Moralesek, berriz, 1814an jaio eta 1841ean 27 urterekin hil zen Mikhail Jurievitx Lermontov errusiarraren nobela psikologikoa euskaratu du. «Gure garaiko heroia» 1838 eta 1840 bitartean dago idatzita eta bost narrazio biltzen ditu. Petxorin ofizial errusiarrari Kaukasoan gertatutakoaren berri ematen da bertan. Moralesek azaldu zuenez, «Errusiako literaturan inork ez zuen ordura arte pertsonaien azterketa psikologiko sakonik egin, baina harrezkeroztik hango idazle gehienen ezaugarri nagusietakoa izango zen».

Egileak hitzaurrean halakorik ukatzen badu ere, neurri handi batean nobela autobiografikoa dela esan daiteke. «Lermontoven garaiko heroia, azken batean, garaiko eta garaiaren biktima besterik ez da. Izenburuak berak adierazten du idazleak bere garaiko gizarteari egiten dion kritika zorrotza, zeren heroi gisa aurkezten digun hori moralik gabeko gizona baita, gaizkile tragiko eta erromantikoa», erantsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo