GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | INAUTERIEN AMAIERA

Momotxorroak eta juantranposoak, elurrari txinparta ateratzen

Mitologiaz betetako bestetan pertsonaia xelebreak agertzen dira gure herrietan, Lantzen, Altsasun, Ondarroan... Anitzek atzo erran zuten agur, baina hauekin ez dago jakiterik. Hemen, inauteriak amaiezinak dira.

p020_f03.jpg

Maider IANTZI

Altsasun, argindarraren faltan, su txikiekin 200 lagunentzako bazkaria prestatzen harrapatu genuen Jabi Bergara, inauterietako batzordeko kidea; babarrunak aza, txorizo, odolki eta xingarrarekin. Erabat elurtuta ernatu zen Altsasu eta zuriarekin batera argia joan zen. Horregatik, auzokideen etxeetara jo zuten gasezko sukaldeen bila. Urdaia, txerriaren burua eta belarriak Jabiren etxean egiten ari ziren, bertze batean txorizoa eta, su txikiekin, babarrunak eta aza. «Nik uste goxoa geratuko dela», zioen sukaldariak.

Hamarretakoa hamaikak aldera egiteko asmoa zuten, baina ordu bata eta erdiak ziren eta horretan zebiltzan oraindik. Plaza animalien burezurrekin eta bonbilla gorriekin prestatua zuten eta pena zuten argirik ez izateagatik, lan handia egin zutelako, baina polita zegoen ingurua, bonbillengatik baino elurrarengatik. Batzordean eztabaidan zebiltzan ea nondik lortuko zuten sorgailu elektriko handi bat musika jartzeko.

Bi desfile dituzte herri honetan, umeena eta helduena. Batzordekoek txikiena bultzatu nahi dute eurek direlako etorkizuna eta hiru urte daramate mozorroak prestatzen. Bi juantranposo (Ziripoten gisako pertsonaiak dira hauek, hostoz beteak eta artilezko buztanekoak, metamorfosiaren sinboloak), aker bat eta ezkontza dauzkate, sorginez eta mozorroez gain. Eta nola desfilatu erakusteko, komisioko kideak joaten dira ondoan mozorrotuta. Hiru buruhandi berri ere egin dituzte Altsasuko inauterietako pertsonaiekin eta atzo estreinatu behar zituzten sorgin eta momotxorro erraldoiekin.

Ezuste bat ere prestatu zuten: momonsuzkoa, zezensuzkoaren familiakoa. Momotxorroa da hau, bere larru, adar eta burukoarekin, baina sua botatzen du. Txinpartak elurraren gainean.

Txikiekin frontoian egitekoak ziren odolaren erritua, txokolate-jatea eta desfile txiki bat plazaraino. Han momotxorro txikien dantza dantzatu behar zuten, hiru ikastetxeetan jolas-orduan ikasia.

Helduen desfile arrakastatsuari dagokionez, Bergarak aipatu zuen odolaren errituan kuxidade pixka bat jartzen ahaleginduko zirela, «jendea nor bere odol botilarekin joaten baita, han botatzen baitu eta dena oso zikin gelditzen baita».

Erritu honetan, lortzen duten odola erabiltzen dute: txerriarena, arkumearena... Aurten burdinarekin ontzi handi bat egin dute, akerraren burezurrak jarrita. Bertatik pasatzen dira momotxorroak eta odola hartzen dute aurpegia, eskuak, besoak, sardea eta larruaren barruan daramaten izara zikintzeko. Boterearen sinbolo da momotxorroa eta odolak herria babesteko guda adierazten du.

«Kanpoko jendea ezingo da agian etorri, baina hemen inauteriak aurrera segitzen du. Elur pixka bat dago, besterik ez. Guretzat askoz hobeto. Narruekin ateratzen gara, horregatik dira neguko festak. Oso politak dira. Lan handia dute, urte osoan aritzen gara gauzak prestatzen eta egiten», agertu zuen Bergarak.

Lantzoi eta akula

Ondarroarrak ere ez ditu kikiltzen denboraleak. Artelan Elkarteko Bittore Lakak gogoan ditu ekaitzak etxean goxo-goxo gelditzera gonbidatu eta txaranga ere izutu arren egin izan dituzten jai ederrak. Atzo ere halako eguna izan zen.

Itsasoari estu-estu lotutako herri honetan, arrainek ematen diete hasiera eta bukaera inauteriei. Portutik hasita Lantzoi jaunaren ongietorria egin zuten larunbatean; atzo, aldiz, «akuliaren enterrua». Familia bereko bi arrain dira lantzoia eta akula. Lantzoia pertsonaia handia da eta hiru lagun joaten dira barruan. Momo jainkoaren antzekoa da. Ondarroan, «lantzoia zaz» erraten diote ganoragabeari eta bere buruan uste handia duenari, burla moduan. Kopazko kapelarekin eta zilarrezko paperarekin egindako karrozan joaten da, argiz beteta. Herriko mutil txikiak zain-zain egoten dira hantxe barruan joateko.

Danborrada lehengo aratusteetako kantak kantatzen joaten da latazko danborrekin. Pintura ontziratzen duten fabrika batean erosten dituzte latak eta hauen hotsek ez dute ohiko danborrenekin zerikusirik. «Katxondeoa izaten da», adierazi digu Bittorek irri algaraka eta ahotsarekin bakarrik parrandarako gogoa transmitituz. Eta segidan kantari hasi zaigu: «Axun kla kla...». Musikariak pinguino jantzita etorri zaizkie aurten.

Akula luzea izaten da, zazpi metrokoa, eta lau mutilek eraman eta dantzan egiten dute. Lehenengo musika tristea jotzen da eta bat-batean doinu alaiekin saltoka hasten dira. «Mundu guztia arin-arinka hasten da, latekin, `Axun kla kla' eta halako kantekin. Akula daramatenak denen gainetik pasatzen dira desfilea amaitu arte». Zubi Zaharraren erdira eramaten da arraina eta handik, danbor zarata indartsuekin, uretara bota. Baina lehenago, sermoia botatzen dute apezpikuak, alargunak eta pertsonaia guztiak dituen hiletan. Sermoiak herriko kontu berriekin egiten dituzte urtero. Letaniak kantatzen dira, itsasoko arrainei buruz anitz, baina herrian gertatutako istorio dibertigarriak eta arazoak ere izaten dira tartean. Aita Santua sartu dute aurtengoan, baten batek lana behar badu, badela beharra aipatuz.

Umeen kalejira bertan behera utzi behar izan zuten atzo eguraldi eskasagatik, baina «akuliaren enterrurako» prest zeuden plastiko eta burukoekin.

Ondarroan bezala, hileta batek ematen die amaiera inauteriei herri ugaritan, baina ez da akularena izaten, sardinarena baizik. Hala egin zuten Tolosan. Hemen, elurretan ibili ziren goizean Pattar Zezenaren zaleak eta egitarauak ez zuen etenik izan. Ez egitarauak ez inauteriek, badirudi besta magikoenek ez dutela bukatu nahi gurean. Donostian, bertan behera gelditutako desfileak igandean egitea pentsatzen ari dira eta Baionan, ura eta ozeanoak gaitzat hartuta, ospatuko dituzte... martxoaren 1ean eta 2an!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo