Lander GARRO Idazlea
Inauteri santuak
Nire haurrek behin eta berriz desegiten dute euren armairua janzteko mozorroren baten bila, inauterien ospakizunen zain egon gabe. Kaletik joaten dira, izan urtarrila edo izan iraila, bata Spidermanez eta bestea elefantez (adibidez), eta jendeak atzerantz begiratzen du, aldamenekoa ukondoarekin joz: ikusi al duk Spiderman? Ai haurtzaroaren naturaltasun galdua! Zer ari dira, bada, horretarako espreski ezarritako egunez aparte haurrak mozorrotuta? Zeren eta gizalegeak baitio inauteriak egun honetatik beste egun hartara direla, eta egun horietan mozorrotu gaitezkeela, egun horretan sukarra izan arren edo, besterik gabe, gogorik batere ez. Hala adostu dugulako gizartea esaten dugun komunitate zoriontsu honek. Eta kontuz gure erabakiak bete gabe lerrotik irteten bazara, ze horixe besterik ez baikenuen behar geure sobremesan gai mamitsuren bat izateko.
Bitxiena da mozorroen lege mugatzaileak ez digula denoi berdin eragiten, begira polizi koronel brigadier epaile fraide apaiz apain horiei. Alkanfor eta izerdi usaineko jantzi estrafalarioak janzten dituzte beren lan zeremoniatsuetan, eta inork ez ditu hatzaz seinalatzen. Are, saritu egiten dituzte. Eta famatu. Entzun duzue bere buruari santu esaten dion kardenal (kardenal ote zen?) buru-zuri horren dimisioarena? Komunikabide guztietan atera da marrazki bizidunetako pertsonai izeneko gizon jenio txarreko hori. Mazinger, edo zer dakit nik. Charles Mansonez geroztik, inolako sektak ez du halako arretarik merezi izan komunikabideetan. Zer egin du gizonak? Mozorrotu! Ez edonolako moldez, hori egia da, zeren konbentzimendua behar baita egoki mozorrotzeko, eta gizonak bazeukan. Edozein arlotek ez du horretarako balio. Baina albiste guztietan agertzeko ere... gehiegitxo.