GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

Txikitan kontatu zigutena gezurra da

Aldi baterako bizitzetara kondenatuak. Garai likido hauetan bizirauten. Nekez aurkitutako lana, orainaldia betetzeko baino ez. Eta bihar? Zeini inporta, bihar iritsi arte zenbat buruhauste, zenbat alokairu eta zenbat ezinegon

Gaur egun teoria politikoaren ardatzetako bat kontratu sozialak izaten jarraitzen du. Rousseauk definitu bezala, honako kontratua, jendartean bizi ahal izateko pertsonek modu inplizitu batean euren artean egindako akordioa litzateke eta, hartara, egoera basatian eduki askatasuna eskubide batzuen truke galduko lukete. Hemendik sortuko lirateke gure jendartea arautzen duten herritarren betebehar eta eskubideak. Eta hemendik ere arau sozial hauen zelatari izango litzatekeen estatua. Honakoa, II. Mundu Gerraren ostean, ongizatearen estatua sorrarazi zuen kontratu soziala genuke; honen arabera, langileriak iraultzaren bidea alde batera utzi zuen, eskubide sozial eta kulturalen truke. Honaino dena argi.

Kontratu sozial honen eraginpean sortutako langile klaseak, alegia, gure gurasoenak, etekinen zatitxo bat dastatzeko aukera eduki zuen. Langile xumeak ziren, baina eskubideon itzalpean bizi-maila «duina» lortzeko aukera sentitu zuten. Beti bezala, batzuek besteek baino gehiago, baina denek ala denek euren lanaren bitartez bizi maila onargarria lortu zitekeela sinetsi zuten. Hemendik aurrera Eguberrietako parabola kontatuko ziguten txikitan: ondo portatuz gero, saria izango genuen. Gaizki antzera, ikatza.

Onak izan, ikasi, karrera hautatu, gogor ikasi eta handitzen zarenean, lana izango duzu. Eta halaxe, gure gurasoen ametsa egia bihurtzen, igoera sozialaren atarian geundela uste genuen. Langile xume izatetik karreradunak izatera, aiton-amon eta gurasoen harrotasunerako: azkenean bai, urte luzeetako lan gogorrak eman ditu bere fruituak. Gu langile xumeak izan gara, baina gure seme-alabek etorkizun oparoa dute aurretik.

Eta guk sinistu egin genuen. Onak izan, ikasi, letrak, zientziak, selektibitatea, batzuk ingeniaritza, besteek geografia. Ikasi, azterketak gainditu, parrandaren bat eta konpromiso politikoren bat. Bitartean onak izan eta txikitan bezala Eguberrietako oparien zain.

Hogeita bi edo hogeita hiru urte, batzuk karrera bukatzear edo bukatuta. Kontratuak eskatzen zizkigun betebeharrak konplituta. Eta orain zer?

Orain ezer ez. Orain ikatza. Orain izorrai. Aldi baterako bizitzetara kondenatuak. Garai likido hauetan bizirauten. Nekez aurkitutako lana, orainaldia betetzeko baino ez. Eta bihar? Zeini inporta, bihar iritsi arte zenbat buruhauste, zenbat alokairu eta zenbat ezinegon. Biharrak bihar, eta zeinek jakin iritsiko den, baina bitartean gaurkoarekin lan. Inprobisatuz, asmatuz, egunero egunerokoa aldatuz. Atzokoak ez du balio, eta biharra ere ez da existitzen. Zer egin? Berdin da, ez dago pentsatzeko astirik. Lanera joan edo lana bilatu, baina hilabete bukaeran alokairua ordaindu eta hozkailua bete. Ezinegona nagusi. Eta nik ez dut biziraun nahi. Nik bizi nahiko nuke.

Txikitan kontatu zigutena gezurra da. Ez dago tarta zatirik, ez oparirik guretzat. Bidearen erdian likidotasuna eta prekarietatea baino ez. Kontratua hautsi eta berriz ere biharra eraikitzea da tokatzen zaiguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo