Normaltzen hasi da egoera Euskal Herrian, eguraldiak eraginiko arazoak gaindituta
Eguraldiaren gaineko alarmak bertan behera uztea, urtegiak pixkanaka hustea... Egoera normaltzen hasi zen atzo gurean, azken egunotan euriaren eta elurraren ondorioz izandako arazo gehienak gaindituta. Iragarpenek diotenez, eguraldiak hobera egingo du gaurtik aurrera.
GARA | BILBO
Apurka-apurka bada ere, egoera normaltzen ari da, astelehenean, eta bereziki, asteartean, herrialdean izandako eurite eta elurteak sorrarazitako arazo gehienak atzean utzita.
Eguraldi txarrak bereziki kaltetu zituen lekuetan, Gasteiz edo Nafarroako iparraldean, alegia, komunikazioak berrezarriz joan ziren atzo. Itxita zeuden zenbait portu, Urduña, Urbasa edo Lizarraga, esaterako, egunean zehar zabaldu zituzten. Itxita jarraitu zuen bakarra Opakua izan zen.
Instituzioek ere asteartean ezarritako alarma eta emergentzia planak bertan behera utzi zituzten. Getxoko Udalak, Gobela ibaiak gainezka egiteko arriskurik ez zuela ikusita, udal larrialdi plana desaktibatu zuen. Arabako Aldundiak neguko mugikortasun programa bertan behera utzi zuen, eta gisa berean, Lakuako Gobernuak indargabetu egin zuen izotz eta olatuen alerta horia, eguerdi partera.
Urtegi eta ibaien mailari dagokionez ere, egoera baretzen joan zen atzo. Ulibarriko urtegia husten jarraitu zuten, segundoko 31 metro kubiko kanporatuz, atzoko momenturik kritikoenean 70 metro kubiko kanporatu ostean. Abetxukon gainezka egin zuen Zadorra ibaiaren egoera «lasaia» izan zen egun osoan zehar.
Azkoitian, isolatuta geratu ziren zenbait baserritar herrira lotzea lortu zuten mendi-bide batetik.
Lakuak Marotori erantzun
Javier Marotok, Gasteizko alkateak, kritika zorrotzak bota zituen pasa den asteartean Lakuaren esku dagoen Euskalmet agentziaren kontra, ustez «oso elur gutxi iragarri zuelako». Horrekin justifikatu nahi zuen Udalak elurteari aurre egiteko emandako erantzun eskasa.
Lakuako Segurtasun sailburuak, Estefania Beltran de Herediak, erantzun egin zion, iragarpena «instituzio guztiontzat berbera» izan zela esanez, eta gaineratuz Arabako Aldundiak «hartu zituela behar beharreko neurriak, elurra kentzeko makinak aurreko egunetik ateraz». Hortaz, udal gobernuaren kontra jo zuen sailburuak, «egoera berdinaren aurrean, hartutako erabakiak ezberdinak izan zirela» nabarmenduz.
La caída de árboles en la N-1 en Andoain como consecuencia de un desprendimiento provocó retenciones de tráfico importantes en sentido Gasteiz, ya que uno de los carriles tuvo que ser cortado poco antes de las 20.00.