Donostiako Kantu Jirak 900 lagun biltzeko erronka hartu du hamargarren urteurreneko jaian
Herri ugaritako kantu taldeak elkartuko dira bihar Kantu Jira berezia ospatzeko. Ohiko ibilbidea aldatzeaz gain, kantu-bazkaria egingo dute denek batera Anoetan, eta arratsaldean ere kantuz jarraituko dute.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Donostiako Kantu Jirak hamar urte bete ditu, eta ospatzeko jira berezia antolatu du, bihar egun osoan hiria musikaz beteko duena. Topaketa berezia izateko, ohiko ibilbidea aldatuko dute. 12.00etan Fermin Calbeton kalean elkartuko dira, eta bertatik Konstituzio plazara joko dute topa egiteko eta zenbait kanta eskaintzeko.
Ondoren, Santa Korda kaletik San Telmo museoan sartuko dira, eta «Badu Bada» erakusketarekin egingo dute bat, eta sarrera nagusitik aterako dira gero. Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu zuenez, euskararen inguruko erakusketa honek, museoaren lehen ekoizpen propioa ere badenak, igandean itxiko ditu ateak, eta honi ere omenaldi txiki bat egiteko modua izango da hau.
Jira 14.00etan amaituko da Santa Maria elizaren aurrean, eta Anoetako estadiorantz abiatuko dira denak bertan bazkaltzeko. Ia 700 pertsonek eman dute izena kantu-bazkarirako, baina herri desberdinetako 900 kantari inguru espero dituzte Donostian. Joserra Beloki Donostian Kantuz elkarteko kidearen esanetan, «abestea komunitate baten parte izatea da». Horri Parte Zaharrean sortzen den giroa gehitzen badiogu, «pozgarria eta hunkigarria» dela deritzo.
Jada euskal komunitatearen parte diren abestiak ondo kantatu ahal izateko, kantuen letrak biltzen dituen liburuxka banatuko dute ibilbidean, baina norbaitek aurretik eskuratu nahiko balu, antolatzaileak 11.00etan Konstituzio plazan izango dira.
Handituz joan den ekimena
Aurretik, auzoetan kalean elkarrekin kantatzeko ohitura bazegoen ere, 2003an elkartu ziren talde guztiak Parte Zaharreko kaleetan kantatzeko, Donostia Kantuz elkartearen ekimenez, «Egunkaria»-ren itxierarengatik euren kexua adierazteko.
Ordutik, larunbatero biltzen ziren 80 pertsona inguru, «Berria» sortu zen arte. Belokiren arabera, orduan konturatu ziren Kantu Jira oso gauza polita zela eta egiten jarraitu behar zutela. Hileko hirugarren larunbatetan finkatu zuten topaketa, eta jada 120 emanaldi egin dituzte, 250 ahotsez lagundurik.