GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marije Fullaondo, Asier Lauzurika Ezker abertzaleko kideak

Eraso guztien aurrean, Euskal Herriak bere hizkuntza

Gobernu autonomoek gure hizkuntzari egiten dioten mesede eskasari, Estatu espainoletik datozen eraso frontal larriak erantsi behar zaizkio Zuzenean edo zeharka ere, erreforma honek hezkuntzatik Euskal Herria eraikitzera bideratutako dinamika eta egitasmo guztiak kinka larrian uzten ditu

Berriki jakin dugu frantses Estatuaren Gobernuaren erabakia: herriko etxeek ezin izango dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolak diruz lagundu. Euskal kulturaren eta hizkuntzaren bizi iraupenerako eta euskal komunitatearen kohesioan hamarkada luzetan funtsezko lana egin duten eta ezinbesteko proiektu diren ikastolak kinka larrian daude Ipar Euskal Herrian. Erabaki horrek izan zuen erantzuna Hendaiako kaleetan zehar. Herri mailako erantzuna. Estatuaren zapalkuntza-asmo berri baten aurrean, ideologia orotako ordezkaritza zabala bildu zuen herri erantzuna artikulatu zen.

Hego Euskal Herrian, berriz, UPNren Gobernuak, euskal hezkuntzaren kontra orain arte egindako guztiez gain, ikastetxe publikoetan TIL eredua orokortuko duela iragarri du. Euskararen normalizazioa eragozteko helburua duen bide honi helduz gero, ingelesa eta, nagusiki, gaztelaniaren irakaskuntza indartzera bideratutako eredu honek ez ditu urte asko beharko ikastetxe publi- koen %100era hedatuta egoteko. Hori gauzatuz gero, eskolaren bidezko euskararen normalizazioarenak egin du.

EAJren Gobernuak, aldiz, Autonomia Erkidego horretako Euskararen Legeak berak ezartzen dituen helburuak inola ere betetzen ez dituzten hizkuntza ereduak mantenduko dituela jakinarazi du. Eskolaren bidez eman daitezkeen euskararen normalizazioaren aldeko urrats eraginkor berriak bertan behera geratuko dira, beste behin ere.

Eta gobernu autonomoek gure hizkuntzari egiten dioten mesede eskasari, Estatu espainoletik datozen eraso frontal larriak erantsi behar zaizkio. Gaurkoan, aurrematrikulazio kanpaina bukatzear dagoela, LOMCE legean zentratuko dugu gure irakurketa.

Wert Hezkuntza ministro espainiarrak berriki atera du Hezkuntza erreformatzeko lege proposamena; Hezkuntza Kalitate- aren Hobekuntzarako Lege Organikoa, hain zuzen ere (LOMCE, gaztelaniaz). Honen bidez, kapitalaren Europatik zein estatuetatik ekindako bidean urrats berria eman du Espainiako Gobernuak. Azken urteetako hezkuntza eremuko lege gogorrena, hezkuntzaren pribatizazio, merkantilizazio eta zentralizaziorako mugarri berri bat da.

Lehenik eta behin, lege honek hezkuntzaren zentralizazioa eta asimilazioa bultzatzen du. Estatuak eskumenak bereganatu egiten ditu berriro ere, eta ezerezean uzten du jada usteldua ze- goen Estatu Autonomikoaren ustezko izaera. Ikasgai tronkaletan Estatuak beretzat gordetzen du edukiaren %100en ezarpena eta, horrez gain, ebaluaketarako irizpide nazionalak ezartzen ditu Estatu osorako. Estatuak curriculumaren gaineko kontrola berreskuratu nahi du. Horrekin batera, euskara hirugarren mailako hizkuntzatzat hartzen du, espezialitateko ikasgai gisa. Gainera, babestu egiten ditu euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak; euskarak hezkuntzan bizi duen egoera larrian are eta gehiago sakonduz eta gure herriaren euskalduntzea oztopatuz. LOMCEk gure Hezkuntza Sistemaren zutabe izango diren curriculuma eta hizkuntza baldintzatu, eta euskaldunon asimilazio eta doktrinamendurako erabiliko ditu.

Hori gutxi balitz bezala, aukera berdintasuna are eta gehiago urratuko da; ikuspegi inklusiboa alboratuko da; parte-hartzea murriztuko da; aniztasun ikuspegia desagertuko da; ikasleak askoz lehenago sailkatuko dira; sexuz ikasleen bereizkeria egingo duten ikastetxeei finantziazio publikoa bermatuko zaie; kanpoko ebaluazioen bidez edukiak neurtuko dira; kanpoko ebaluazioak publikoak izango direnez, ikastetxeen arteko lehia bultzatuko da; ikastetxeei duten autonomia eskasa murriztuko zaie; planteatzen dituen ebaluazio aldiekin, ikastetxeak horri begira ipiniko ditu, metodologia eta didaktika moduak aldaraziz...

Lege berri honekin, ezberdintasunean oinarrituko den eta interes ekonomiko handien beharrei erantzungo dien jendarte bat eraiki nahi dute. Kualifikazio maila ezberdinak ezartzeko hamaika filtro ezartzen ditu erreformak. Hezkuntzaren kalitatearen ezabapenarekin ikasle asko porrotera kondenatzen ditu, gerora langabezian edo merkatuko eskulan merke eta prekarioena izaten bukatuko dutenak. Horrez gain, 15 urterekin ikasle andana kualifikazio baxuko lan indarra sortzera bideratuko ditu. Beste hainbatek, batxilergoa bukatuta, ezin izango diete unibertsitateko tasei eta gain gastuei aurre egin. Unibertsitatera joateko aukera dutenen artean ere, titulazio mailaren araberako elitizazioa emango da. Horrez gain, aipatu beharra dago lege honek ez diela eragiten administrazioaren dirurik jasotzen ez duten ikastetxe pribatu ez-kontzertatuei. Hortaz, horiek bai! Ikastetxe horietan ikasteko beharrezkoa den dirutza daukatenek izango dute kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera.

Zuzenean edo zeharka ere, erreforma honek hezkuntzatik Euskal Herria eraikitzera bideratutako nazio eraikuntzako dinamika eta egitasmo guztiak kinka larrian uzten ditu: Euskal Curriculuma, ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena, Euskal Unibertsitatea...

Argi izan behar dugu, aurretik aipatu dugun bezala, lege hau zerbitzuen pribatizazio eta Estatuaren birzentralizazio estrategia oso baten barruan egonik, urrats bat besterik ez dela, eta honen atzetik ildo honetan sakonduko duten erreforma eta dekretu berriak etorriko direla.

Hezkuntza eremuan aspaldian ezagutu gabeko eraso honek, bere gordintasuna ukatu gabe, borrokarako eta nazio eraikuntzan aurrera egiteko aukera ere ematen digu.

Aipatu neurri guztien krudeltasunak eta berauek Madrildik inposatuak izateak, independentzia eta sozialismoa are eta beharrezkoago egiten ditu; hezkuntzan ere eztabaida burujabetza eta eraldaketa sozialaren parametroetan kokatzeko aukera zabaltzen zaigularik. Burujabetza, hezkuntza sistema nazionala eraikiz, guk geuk erabaki dezagun zer-nolako hezkuntza eredua nahi eta behar dugun. Eraldaketa soziala, eredu berri horren bidez jendarte justu eta solidarioa eraikitzeko, berau eraikiko duten pertsonak heziz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo